Mirian, 59 urteko gizarte hezitzailea bere erretiroaren zain zegoen. Bai, bere etxe txikia maite zuen, bai eta zaharren egoitzan zuen lana ere, baina erretiroaren zain zegoen. Semea bere kabuz hazi zuen. Zoragarria zen lanetik bueltan Ikertxo besoetan estutzea. Urteetan lasaitasun oasi txiki bat zen senarrak zaintzailearekin alde egin eta utzi zuenetik.
Orain etxera bueltatzean ez zuen semea aurkitzen, bere kabuz bizi zen hiriburuan, horregatik nahi zuen erretiroa. Bera ere hiriburura joango zen, edo ez; edo kostaldera, edo ez; tira, nahi zuena egingo zuen.
Goiz batean ate joka agertu zen semea. Bere negozioak porrot egin zuela, burtsa jokaldi arriskutsu batek huts egin zion eta zuen guztia, zuen gutxia galdu zuela. Besoetan estutu zuen, baina ez zuen garai bateko oasia sentitu.
Lanerako bidean, zaharren egoitza bidean, kotxeko depositua gasolinaz betetzen zuen bitartean seinale bat jaso zuen: “Bonolotoa! Ezabatu zure arazoak putz bakar batean! Egin putz eta bizi!” Inoiz ordurarte jokatu gabe zegoen horrelako zozketetan, baina hura izan zen lehen aldia, txartelari muxu eman eta zerura begiratu zuen semearengatik erregutuz.
Zaharren egoitzara iristean beste zartako bat. Emiliatxo oso gaizki zegoela. Emiliatxok 94 urte zituen, betidanik ezagutu zuen zaharren egoitzan. “Semeak arratsalderarte ez omen du etortzerik izango!” esan zuen Xabierrek, zaharren egoitzako arduradunak.
“Bere ondoan eseriko naiz semea iritsi arte. Aspaldi antolatu beharreko agiri mordoa dauzkat eta Emiliatxoren ohearen ondoan ere egin dezaket”, bota zuen Mirianek.
Emiliatxoren ahoa ahul zegoen, alde batera erorita bezala. Arnasa oso mantsoa zuen, atzeman ezina tarteka, besoak hezur eta azal, behatz puntak more kolorekoak. Logela isiltasun osoan zegoen. Emiliatxoren ohe ondoko mesanotxean zegoen ordulari zahar baten tik-takak hausten zuen isiltasun astun hura, Emiliatxoren azken uneen denbora neurtzen balego bezala.
Bat batean Mirianek paperak antolatzeari utzi eta egongela begiratu zuen. Inor ez. Pasabidera agertu zuen burua. Inor ez. Hutsik. Emiliatxoren ohera gerturatu zen. “Kaixo, Emiliatxo…” esan zuen ahots goxoz. Aulki bat Emiliatxoren ohera gerturatu eta bertan eseri zen. Ahopeka hitz egin zion. “Emiliatxo, gaur hil eta Jainkoa ikusten baduzu esaiozu lehen aldiz bonolotoa egin dudala, ez naiz inoiz asko eskatzekoa izan, baina oraingoan lagunduko balit… zozketa hori irabazi beharra daukat, leloak zioen bezala, putz egin eta bizi! Esango al diozu Jainkoari?”. Emiliatxoren eskua laztandu eta “eskerrik asko” esanda berriro bere paperak antolatze lanetara bueltatu zen.
Arratsaldeko azken orduan logelako atea ireki zen. Ez zen Emiliatxoren semea, Xabier zen, zaharren egoitzako arduraduna. “Semeak ez du ahalegin berezirik egin dirudienez, eta zuk etxera joan beharko duzu. Gaueko txandako batek hartuko dizu erreleboa! Ez du askorako izango!” gehitu zuen Emiliatxo begiratuta. Mirianek bere gauzak jaso eta Emiliatxori masailean muxu emanda alde egin zuen gelatik.
Eguzkitsu esnatu zen eguna biharamunean; bezperako lainoen arrastorik ez. Lanerako bidean, lore sorta bat erosi zuen loradendan Emiliatxoren hil kaperan uzteko. Zaharren egoitzara iristean Xabierrekin egin zuen topo. “Eta loreak? Niretzat?” Mirianek urte asko pasa zituela Emiliatxorekin eta faltan botako zuela eta… Xabierrek eten egin zion. “Suspertu egin da, sendatu, gimnasia klasera joan nahi izan du, atera kontuak! Ah! Zugatik galdetu du!”
Mirian hanka puntetan gerturatu zen Emiliatxoren gelara. Sartu zenean hantxe zegoen leihoko loreak ureztatzen. Mirian han zegoela ikusi eta irribarre egin zion etsipenez.
“Sentitzen dut, maitte, baina han goian ez zegoen inor!” bota zuen zerura begiratuz Emiliatxok.