Continue Reading" />

Gaurko plana

Etiketarik gabe Permalink 0

Gaur helduko diot aspaldi buruan dudan hori idazteari.

Atzeratzen aritu naiz, baina gaur da eguna.

Behin betiko.

Kafetxo bat hartuko dut aurretik.

Kafetxo bat hartzek tonuan jartzen nau, beharrezkoa dut.

 

Hara, ez dago esnerik.

Esne bila joan beharko dut beraz.

 

Etxe ondoko dendara joango naiz esne bila, ez daukat jantzi beharrik, etxeko arroparekin joan naiteke; erosi, etxera buelta, kafetxoa hartu eta idazten hasiko naiz.

Ui! Prakak zikinak dauzkat, jantzi egin beharko dut azkenean. Tira, zer egingo diogu ba, jantzi egin behar.

Aiii… ba behin jantzita… gaur azoka eguna da, ez da ideia txarra azokatik pasa eta baserriko ogia erostea. Aste osoa irauten dit baserriko ogiak; egunero ogi xerra bat txigortuta olio zorrotada batekin.

(Osasunerako oso ona omen da. Jakizu, egunero oso osasungarria den jaki berriren bat azalarazten dute.)

Egia, ostirala da. Ostiraletan giro ederra egoten da azoka ondoko tabernan. Han ere hartu dezaket beste kafetxo bat, egunkaria irakurriz gainera. Begira, lan guztiak batean. Baserriko ogia erosi eta kafetxoa hartu. A, eta esnea, ezin dut ahaztu esnea erostea.

Et, baina berehala etxera, gaur idatzi behar dudala erabaki dut eta.

Eguraldi ederra azkenean. Banuen gogoa. Ba pentsatzen jarrita… etxera bueltatzean balkoian eseriko naiz kafetxoa hartu bitartean bukatzeko dudan liburu hori irakurtzen, hori bai pazera. Ez, hobe dut irakurtzen ez hastea, bestela ez naiz idazten inoiz hasiko.

Begira nola dagoen salako lurra. Aspiragailua pasa beharko nuke. Oraintxe da momentua, bestela asteburua gainean dago eta ez dut egingo. Orain, berehala pasako dut. Di-da. Tira, esnea erostetik bueltatzean.

 

Banoa ba.

 

Jantzi naiz. Kalera eta etxe azpiko dendan esnea erosi.

Azokara joan, baserriko ogia erosi.

Azoka ondoko tabernan kafetxo bat. Lagun batekin topo.

Etxera. Balkoia begiratu. Aspiragailua pasa. Kafetxoa prestatu.

Ostras! Esnea azoka ondoko tabernan ahaztu dut.

Berriro kalera.

Banoa korrika.

Etxera buelta. Kafetxoa idatzi bitartean hartuko dut.

Azkenean. Idazten hasiko naiz azkenean.

Etxeko tinbrea.

Nori zango da baina?

Ordularia begiratu eta… joder! Hamabiterdiak???

Seme alabak badatoz ikastolatik. Bazkal ordua.

Haurrak etxean daudela ezin hasiko naiz idazten. Gora eta behera, telebista, non dago hura, non da bestea… idazteko bakea eta lasaitasuna behar dut…

Hobe izango dut astelehenean idazten hastea.

 

Astelehenean sinfalta.

 

Tinbrea.

Banoaaaaa!!

Iruzkinak itxitak daude.