Continue Reading" />

Klik

Etiketarik gabe Permalink 0

Ohean nengoen, erdi eserita bizkarra paretaren kontra nuela ordenagailu portatila belaunen gainean nuela. Gauero bezala facebook, twiter eta bestelakoetan zorri lanak egiten, begira bakarrik alegia. Horretan nenbilela etxean zegoen isiltasuna hautsi zuen zarata bat entzun nuen. Klik. Ingurura begiratu nuen.

Klik. Berriro klik.

Nire sorbaldak kuzkurtu egin ziren, lepoko muskuluak tenkatu.

Klik. Hortxe berriro zarata. Ordenagailua alde batera utzi nuen, belaunak bularraren kontra ekarri nituen, estu, geroz eta indar gehiagoz; bizkarra hormaren kontra itsatsiz paretarekin bat egin nahian bezala, ikusezina bihurtu nahian.

Klik. Norbait zebilen etxean. Ziur. Klik. Beheko solairuan behar du, egongelan agian, handik zetorren zarata. Ezta?

Klik. Ez, ez zen nire irudipena. Itxaron, goran zebilen orain, gurasoen logelan.

Klik. Jauzi batean ohetik altxatu nintzen, hotsik atera gabe, saiatzen behintzat. Nire logelan zehar pauso isilak eman nituen, pauso bakoitzean begiak gogor itxiz, horrela zarata gutxiago aterako banu bezala.

Klik. Atearen eskulekua heldu eta atera ireki nuen, tentuz. Eskaileretan behera begiratuko nuen. Ez zen inor egongo. Dena ondo egongo zen. Baia nire eskua izoztu egin zen eskulekura helduta. Ezin nuen atea ireki, indarrik gabe bezala nengoen.

Klik. Klik.

Arnasari eutsi eta begiak itxi nituen berriro. Ezin nau entzun, pentsatu nuen, ez nire arnasa, ez nire bihotzaren taupadak ez eta nire odola zainetan zehar ere.

Klik. Nola sartu ote da etxean? Gurasoek beti ixten dute atea giltzari buelta bi emanda. Nire begiekin ikusi, ez, barkatu, entzun nuen, belarriekin. Ate ondoan nengoen lagunekin afaltzera joan zirenean. “Ziur ondo egongo zarela?” galdetu zidaten abiatzean. “Ez gara berandu bueltatuko.” Jakina ondo egongo nintzela, primerakoa izaten da etxean bakarrik geratzen naizenean. Gaur arte.

Klik. Hotsak deskarga elektriko batek bezala zeharkatu zuen nire gorputza oinetako behatz puntetatik hasi eta buruko azken ileraino. Jauzi egin zuen beldurtuta. Eta gizaki bat ez bada? Eta “gauza” bat bada? Izaki beldurgarriren bat? Buelta eman nuen kolpean. Hori da, izaki bat da eta gutxi balitz nire logelan zegoen.

Klik. Zarata nondik zetorren ikertzen hasi nintzen. Logela hankaz gora jartzen. Alfonbra, arropa, galtzerdiak, gaileta kaxa… guztia airera. Ez nuen ezer entzuten han, nire arnas hotsa bakarrik, urakana baten moduan. Joan egin ote zen izaki izugarria?

Klik. Mugikorra hartu eta baten bati deitzea pentsatu nuen. Gurasoei? Ez… behi irtengo dira eta… Lagun bati? Ez ba! Norbait, norbait… ahots-lagun lasaigarri baten beharra nuen. Horretan…

Klak. Nire logelako atea ireki eta ahizpa nagusia sartu zen. “Oraindik esna? Ez esan gurasoei hain berandu iritsi naizenk, ados?” bere besoetara egin nuen jauzi. Harriduraz begiratu ninduen. “Eta hau?” Barre egin zuen. “Etxeko txikia bakarrik beldurtuta?”

Behatza ezpainetara eraman eta isiltzeko eta entzuteko eskatu nion. “Entzun…”

Klik. Klik. Klik.

“Hori?” Barre algaraka hasi zen. “erradiadoreak dira, txotxola, berogailua itzaltzean ateratzen dute zaratatxo hori!” Barrez jaitsi zituen beheko solairurako eskailerak. “esne baso bat nahi?”

Klik. Ziztu bizian jaitsi nituen eskailerak nik ere bere atzetik. Ez neukan beste minutu bakar bat ere bakarrik igarotzeko ez asmo eta ez gogorik.

Klik. “Banoa, bai!”

 

 

 

Iruzkinak itxitak daude.