Olentzero agurgarria,
Orain arte ausartu ez banaiz, egin egingo dut, ausartu alegia.
Gutun hau, 2016ko Gabonetan orduan 8 urte baino ez zituen nire alabari utzi zenion ikatz zatiari erantzuna da. Badakit urte askotako eskarmentua duzula zure lanbidean eta seguru asko pisuzko arrazoiak izan zenituen orduan erabaki hura hartzeko, baina utzidazu nire iritzia ematen: erabat lekuz kanpo iruditu zitzaidan, eta zer esanik ez ondoan utzi zenion eskuizkribua, hauxe, gogoratzen ez baduzu: “2016. urte zoragarri honetan oso neska gaiztoa izan zarelako!” Gehiegizkoa.
Bale, ondo da, egia da garai hartan jarrera arazoak zituela bere anaia txikiarekiko, bai, ordutik terapeuta batekin dabil eta bide onetik doa. Aurrerapen izugarriak egin ditu. Bai, anaia txikiak. Alabak ere bai, ez pentsa. Aspaldi ez dio baineran “aguadillarik” egin, izotz pistan ez du zangotrabatzen, eta aspaldi ez du etxe atzean lokatzetan lurperatu. Ospitaleko azken errebisioan alta eman zioten orduan sortu zitzaizkion arnasa hartzeko arazoetatik.
Jakizu ere, ikerlariek ezin izan dutela frogatu etxe azpiko garajeko sutea akats elektrikoengatik sortu zen edo hasieran auzokide guztiek pentsatu zuten bezala, alabak pospoloekiko duen afizioagatik. Honi lotuta mesede bat: aurtengo opariak, aurten opariak egongo direlako, aitaginarrebaren etxera bidali, Gabonak han igaroko ditugu, suhiltzaileek etxeko ke usaina joan arte, martxora arte gutxienez, etxetik kanpo egoteko gomendioa eman digute. Zer erremedio.
Alabaren alde botako dut eskolan egin dituen aurrerapenak; irakasleak oso gustura daude, aurten bai, aurten lehen hezkuntza gainditzeko aukerak izango omen ditu. Hirugarrenean asmatu! Agindu digute horrela jarraituz gero, jolas orduan beste ikasleekin batera patiora irteten utziko diotela. Ez al da pozgarria?
Nirekin duen harremanaz zer esan? Hunkitu egiten naiz pentsatuta bakarrik. Medikuek esan didate aste bete barru pureak utzi eta mastekatu beharreko jakiekin hasteko moduan izango naizela; alabak babarrunetara bota zuen pozoia ez zela hainbesterako izan. Baina tira, bide batez zuku-makina berria ekarriko bazenit? Atzo alabak harri bati zukua ateratzen saiatu zen eta txikitu egin zuen. A! Jakizu harriek ez dutela zukurik ematen. Ni lekuko!
Hau guztiaren ondoren, nirekin bat etorriko zara ez dagoela zertan iazko ikatzaren pasadizoa errepikatu beharrik. Agian iaz eskatzen zuen Play Station 4a ekarri beharrean 5a ekarri, edo 6a, edo… ez dakit zein den azkena. Eta jolasak, asko, badakizu, indarkeria askokoak, odol isurketa ugarikoak, ondo etorriko zaizkio horrelakoak. Ziur nago bere barne joera erasotzailearentzat irtenbide katartiko gisa ondo etorriko zaiola.
Besterik gabe, jaiegun zoragarri hauek gozatu!
(Ikatzaren kontua errepikatuko balitz jakizu alabak badakiela non bizi zaren. Zeuk ikusi!)
Iruzkina uztea