“Buruari bueltaka nabil kafea hoztu bitartean.

Kafeari bueltaka nabil baina sutan jarraitzen dut.”

Batzuetan unibertsotik bueltaxka bat ematen dut. Unibertsoa tolestuta dago, kotxeko ateko zuloan daramadan mapa edo ganbarako kutxa zaharretan gordetzen ditugun planoen antzera. Liburu bat irekitzea teleskopiotik begiratzea bezala da, edo mikroskopio batetik, edo zergatik ez, treneko leihatilatik, hegazkineko leihotxotik, edo itsasontziko kamaroteko argi-zulotik…

 

“Ai ene… egunak eta egunak daude, ezta?  Eskerrak egun gehiago ere badauden…”

“Maitasuna, haurtzarora etorkizuneko berriekin itzultzea da. Umetu egiten gaitu.”

“Aizue, galderatxo bat… Gauza garrantzitsuenak etorkizunerako uzten ditugu beti, baina inor izan al da etorkizunean? Ez al da hobe benetan inporta zaizkigun gauza horiek orain egingo bagenitu? Oraintxe bertan, ia!”

“Lehen afaldu eta ohera joan bitartean botatakoa ikusten egoten ginen, edozer; gaur egun afaldu eta ohera joan bitartean zer ikusi ezin erabaki egoten gara.”

“Zoriontsu egingo zaituzten 10 gauzak” zerrenda klase horietan inoiz ez dut ikusi ahazteak zein zoriontsu egin gaitzakeen. Sendagarria % 100 batean.

Zoriontsu izan nahi baduzu jakina…

edo sendatu nahi baduzu…

edo ahaztu nahi baduzu…”

“Begiak ixten ditudanean hegoak zabaltzen zaizkit, zer daukat doktore jauna?”

“Guztia ondo egitea ez ohiko talentu bikaina da, bai, baina guzti guztia gaizki egiteak badu bere meritua, ez da baztergarria, horretarako ere aparteko talentua behar da.”

“Urte on bat osatuko badugu egunez egun eraiki behar! Ni igual bihar hasiko naiz… Bitartean hasi zuek! Harrapatuko zaituztet!”