Haize kolpe bortitz batek Gorkaren logelako leihoen pertsianak itxi zituen zaratots izugarria eraginez. Jo eta su hasi ziren leihoak kolpatuz. Haizea uluak eta orroak sorrarazten zituen etxeko hormetako egur oholen artean sartzen zenean. Ezin zuen lorik egin hots beldurgarri haiekin, eta hori gutxi balitz hurrengo egunean amona bisitan etorriko zela pentsatze hutsak eta bera iritsi orduko jaikita egon nahi zuela kontutan izanda ezin izan zuen gau osoan begirik bildu. Zer ekarriko ote zion oraingoan opari?
Ohean eseri zen, pentsakor. Urte asko ziren amona Ameriketatik etorri zen azken alditik. Haluzinatu egiten zuen amona ingelesez hitz egiten entzuten zuen bakoitzean. Nola zen posible email bat idazten ez jakitea eta ingelesa bere akademiko irakasleak baino hobeto menderatzea? Agian berak ere Ameriketara joan beharko zuen behingoz ingelesa ikasiko bazuen.
Galdera horiek zituen buruan bueltaka leihotik begira zegoela, haizea baretu zain, ekaitza amaitu zain, tximistak jotzen zuen bakoitzean trumoia eztanda egin aurretik begiak ixten zituen bitartean. Baina trumoiek geroz eta zaratatsuagoak ziren, azken tximistak gertu jo zuen. Beldurtuta zegoen, ikaratuta. Gaua berehala igarotzea nahi zuen. Baina amak txiki txikitatik esaten ziona gogoratu zuen. Gaua lehenago igarotzen da lo gaudela. Baina ezin lorik egin, ezin begirik bildu.
Ahalegin guztiak egin zituen, ezin zuen gehiago. Nahikoa itxaron zuen. Ama eta aita esnatzeko unea zen. Ikaratuta zegoen.
Ohetik jauzi egin eta dagoeneko txiki eta estu zituen etxeko zapatilak ohe azpira botata, korridorera irten zen. Ilun zegoen, kanpotik zetozen tximistek tarteka argia emate zuten, baina argiarekin batera itzalak, itzal beldurgarriak. Gurasoen logela korridorearen beste aldean zegoen. Iritsi egin behar zen bai ala bai. Poliki zihoan. Hanka puntetan. Zoruko egurrak kris eta kras egiten zuen. Haizeak pertsianak kolpatzen jarraitzen zuen, geroz eta bortitzago. Brunba! Kraska! Zzziuuuu! Zarata eta hots klase guztiak batera, geroz eta ozenago. Hasieran gurasoen gelara joan ala ez zalantzan bazegoen, ikararen eraginez korrika hasi zen ziztu bizian korridorearen beste alderaino, gurasoen logelaraino. Iristean atearen gainean etzan zen arnasestuka. Iritsi zen azkenean. Pijama barruan ezkutatuta zuen eskua luzatu eta heldulekua jiratzen hasi zen. Kirrinka ezatsegin batekin ireki zuen atea. Bat batean hasperenak, zizpuruak, kexuak… guztia kaleko ekaitzaren zaratekin nahastuta. Gorkak begirada altxatu eta amaren bizkar biluzia ikusi zuen, aitaren gainean zegoen jauzika.
-Ama! Aita! Baina… jakin al daiteke…
Gurasoak seko geratu ziren. Plost! Ama manta azpian ezkutatu zen. Aita hitz totelka hasi zen zer esan jakin baino, nola esan asmatu gabe.
-Ba-ba-ba… ze-ze-zera… hau… zu-zuz-zu… ba-ba-baina…
-Arraioa, Gorka! –bota zuen amak kontrola hartuz. –Erabakita dago, etxeko giltza kenduko dizut! Berrogei eta bost urte dituzu! Edaten duzun bakoitzean hemen agertzen zara! Zoaz etxera emaztea zain izango duzu eta!
Gorkak kanporako bidea hartu zuen.
-Gogoratu amona datorrela Ameriketatik! Bihar bazkaltzera etorriko zarete? –gehitu zuen aitak.
Kaleko ate hotsa entzun zen.
-Giltza utzi al du?
-Keba! Bihar bertan zerraila aldatuko dugu!
Iruzkina uztea