Continue Reading" />

Makarroiak

Etiketarik gabe Permalink 0

Imanol urduri zegoen, oso urduri, geroz eta urduriago. Gose zen, oso gose, eta ama ez zegoen etxean, eta zaindari zituen aitona eta amona ezinean 8 urteko haurra ezin gobernatu. Esan eta esan ari ziren ama iritsi zain zeudela denak batera jatetxera bazkaltzera joateko.

-Orain jan nahi dut! Orain naiz gose! –egin zuen oihu Imanolek Piriniotako hartzaren gisa orroka.

-Uste dut amaren kotxea entzuten dudala urrunean… -esan zion aitonak eskua belarrian jarriz hau lasaitu nahian.

-Ba nik ez! –erantzun zion Imanoltxok.

-Agian arretaz entzuten ari ez zarelako –erantzun zion amonak – Jarri eskua belarrian aitonak bezala, gerturatu leihora eta itxi begiak… zer diozu?

-Adarra jotzen ari zaretela! Ez dut amaren kotxerik entzuten! –eta negarrez hasi zen amorruz eta zotinka.

-Badatorrela… kotxea entzuten dut, urrunean, baina entzuten dut. Esango nuke gasolindegiaren ondotik igarotzen ari dela orain… zer diozu amona? -aitonak.

-Bai! Berehala da hemen beraz…

Imanoltxo isildu egin zen. Adi jarri zuen belarria kaleko atean.

-Orain uste dut baietz… eta ze jatetxera goaz?

-Zer iruditzen zaizu zure jatetxe gogokoenen zerrenda egiten badugu eta ondoren horietatik bat aukeratzen badugu?

-Nire gogokoena Rokokoko da. Ez dugu zerrenda egin beharrik.

-Iritsi naiz! –bota zuen amak etxeko atea ireki ahala.

Imanoltxo ziztu bizian irten zen kalera, ihesi bezala.

-Baina komunera…

-Egingo duzu txiza Rokokokon!

-Makarroiak gaztarekin nahi ditut, gazta piloa eta patata frijituak eta kola freskagarria eta izozkia, bai, estra, izozki estra!

-Ze gaizki jaten duen haur honek! –amona marmarka.

-Ea, Imanoltxo, ezin duzu kola freskagarria eta izozkia… bi horietatik bat aukeratu behar duzu, badakizu… -bota zuen amak sendo.

-Ummmm… izozkia?

-Ondo da! Edateko, ura. Eta patata frijituak ere kanpora. Makarroiak gaztarekin eta patata frijituak ere ez doaz bat… -gehitu zuen aitonak Basque Coulinary Centerreko aditua balitz bezala.

-Zer jakingo duzu zuk? Makarroiak petroleorekin egiten direla uste duzu eta!

-Imanol!

-Ba nik patatak nahi ditut!

-Ba ez dago patatarik!

-Ba bai!

-Ba ez!

-Ba… non dira nire makarroiak gaztarekin? Non dira? Non dira? Noooooon? –hasi zen barriro garrasika.

Aitonak ahapeka hitz egin zion, haurraren ahotsa mututu nahian.

-Sukaldariak banan-banan egiten ditu makarroiak, ur berotan, eta makarroi bakoitzari gazta igurzten dio eta horrek bere denbora behar du!

Imanoltxok irribarre egin zion aitonari. Okurritzea ere? Makarroiak saltoka kazolatik ihes egin nahian? Baina berehala ezabatu zitzaion.

-Ba bada garaia kazolatik salto egin eta nire platerera etortzeko. Orain nahi ditut, orain nahi ditut!–hasi zen berriro negarrez amorruz eta zotinka.

-Iepala! –hasi ziren txaloka eta kantuka. –Badatoz Imanoltxoren makarroiak!

Imanoltxo ere saltoka hasi zen aulkian zutituta. Segundo batera oihuka zegoen berriro lehen sardeskada ahora eraman orduko.

-Uartx!! Beroegiak daude!! Sukaldariak nahita egin du, mingaina erre nahi izan dit!

Esaldia amaitu orduko aitona, amona eta ama plateraren inguruan zeuden putz eta putz.

-Horrela ibili behar ere… -kexatu zen amona.

-Egin putz, egin putz… -aitonak.

Azkenean Imanoltxok bere makarroiak jan zituen. Irribarrez eta pozik.

Aitona eta amona leher eginda bueltatu ziren etxera. Amonak beste behin ere, zin egin zion aitonari azken aldia zela Imanoltxo zaintzen zuela. Asko maite zuela baina bere esku balego…

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.