Continue Reading" />

Hortzetako haria

Etiketarik gabe Permalink 0

Polizia agentea kotxetik jaitsi eta Mikeli leihatila jaisteko agindu zion.

-Gabon, agente jauna –esan zuen Mikelek irribarre alaiaz –Arazorik?

-Sigi-saga zindoazen, errei batetik bestera.

-Zer? Ezinezkoa da hori! Inoiz ez dut marra zeharkatzen!

-Edaten ibili zara?

-Bai… eta ez.

-Zer erantzun klase da hori?

-Edari berezi bat egiten dugu gure “hagin-batzarretan”!

-Hagin batzarrak?

-Hilero, lehen asteartean biltzen gara Balsimi jatetxe italiarrean.

-Dentista zara?

-Ba… baietz esango nuke, “hagin-batzar” batean nengoen edari berezi hori egiten… dentista ez direnak ezin dira sartu…

-Tira ondo da… baina zer da edari hori? Zer da bai eta ez edatearen kontu hori?

-Edan, ahoa garbitu eta bota!

-Ondo da, nahikoa tontakeri esan ditugu, zein da zure izena?

-Mikel Agineta, zure esanetara –esan zuen Mikelek harro eskua leihatilatik ateraz eskua estutu nahian.

Polizia agenteak mugimendu azkar batean eskumuturretik heldu, atea ireki, kotxetik atera arazi eta lurrera bota zuen. Lurrean zegoela eskuburdinak lotu zizkion bizkarrean Mikeli.

-Zer esan dut ba?

-Non dago arma?

-Zein arma?

-Tripan jarri nahi izan didazuna.

-Bostekoa eman nahi nizun, besterik ez.

-Bostekoa? Zaplaztekoa? Muturrekoa?

-Hemen gaizki ulertu bat dago, ez dakit zer esan nahi duen honek guztiak!

-Goazen!

Komisaldegira bidean, Mikelek Hernando nagusiarekin hitz egin nahi zuela esan zion, baina hau bihar goizeko turnorarte ez zetorrela esan zion polizia agenteak.

-Ondo da… emaztea deituko nuke…

-Eskubidea duzu…

Mikel komisaldegiko egurrezko bankuan eseri zen hurrengo egunean etorriko zen Hernando nagusiaren zain, bere pazientea zen kontsultan.

-Hara, Mikel… nolatan zu hemen?

-Hernando! Agente jator honek gonbidatu ninduen bart. Kotxetik atera arazi, aurpegia asfaltoaren kontra estutu eta eskuburdinak jarri ondoren oso eroso ekarri ninduen kotxeko atzeko eserlekuetan erdi botata.

-Egia al da hori, agente?

-Arma batekin mehatxatu ninduela esatea ahaztu du!

-Mikel?

-Bostekoa eman nahi nion…

-Agente?

-Pistola zuela uste nuen.

-Mikel… zera… hau guztia ahazten badugu?

Mikelek baietsi eta ondoren alde egin zuen. Buelta etorriko zen, mendekua. Eta hau hilabete batzuen ondoren iritsi zen.

-Arratsalde on –esan zuen Mikelek komisaldegiko agentea kontsultan berehala ezagutzean.

-Zera… hagineko min izugarria daukat –esan zuen polizia agenteak bostekoa emateko eskua luzatuz.

Mikelek agentearen eskua heldu eta aurreraka tira eginez jiratu arazi eta belauniko jarri zuen eskua bizkarrean zuela. Hortzetako hariarekin lotu zuen hormako erradiadorera.

-Honek geldi araziko zaitu, momentuz! –Esan zuen Mikelek –Jarri eroso, berehala izango naiz zurekin… eta min handia baduzu egin mihiari kosk!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.