Continue Reading" />

Larria al da?

Etiketarik gabe Permalink 0

Ez zen oso ohikoa 47 urtetan medikura hain gutxitan joatea, baina joan egin zen, atera kontuak.

Landerrek min keinuak egin zituen medikuak sabelaldea ukitu ahala.

-Mina? –galdetu zuen medikuak aztertzen jarraitzen zuen bitartean.

-Pixka bat bai… -kexatu zen Lander. Mina ez zen oso handia, baina bai oso deserosoa.

Medikuak aztertzeari utzi eta bere koadernoan apunteak hartu zituen.

-Eta? Larria al da? Zer daukat?

-Ezer asko ez, uste dut muskulu bat duzula minberatuta, hortxe, kaxa torazikoren azpian.

Apunteak hartzen jarraitzen zuen begirada altxatu ere egin gabe.

-Eta? Nondik norakoa ote den? Gehiegikeriren bat egin duzu? -medikuak.

Landerrek medikua begiratu zuen. Noraino zegoen behartuta guztia kontatzeko? Medikuari dena esan behar al zaio? Gertatutakoa nahikoa eragozgarria zen.

-Agian bart, baliteke, plazako tabernan…

Medikuak begirada altxa zuen, atentzioa deitzen zion Lander itzulinguruka ibili behar hura.

-…lankideekin ardotxo bat hartzen ari ginen, eta halako batean…

-Halako batean?

-…hantxe zegoen, guri begira… bera, badakizu, banketxera etorri den zuzendari berria, ezagutzen duzu? Ilegorria da…

Medikuak baietsi egin zuen. Zein norabide ote zuen historia hark?

-Eta bat batean guregana gerturatzen hasi zen, eta ni… tira, ni… arnasa hartu nuen sakon, barruraka…

-Zer?

-Bai, badakizu, arnasa barrura hartuta tripa desagertu egiten da…

Medikuak Lander begiratu zuen. Ehun kiloren bueltan behar zuen. Arnasa sakon, oso sakon hartu behar izango zuen tripatzar hura desagerrarazteko.

-Bera guregana etortzean ni begi onez ikustea nahi nuen, besterik ez, hain da erakargarria… ilegorria dela esan al dizut?

-Bai esan duzu, bai…

-Ez nuen uste gurekin denbora asko emango zuenik… tripa barruan eustea erraza izango zitzaidala uste nuen, baina ordu laurden pasa eman zuen gurekin berriketan.

-Ordu laurden pasa?

-Zehazki hamasei minutu eta berrogeita bi segundo.

-Ufa!

-Ondoren hasi zitzaizkidan minak, horregatik etorri naiz zuregana.

Medikuak hasperen egin zuen.

-Arnasari eusteak sortu dizu kaxa toraziko azpiko muskuluko min hori, zalantzarik ez. Pasako zaizu, baliteke luzatzea, baina pasako da.

Lander lasaitu egin zen gorritu ahala.

-Tontakeria bat izan da, ezta?

Medikuak baietsi egin zuen irribarrez koadernoan apunteak hartzen jarraitu zuen bitartean.

-Eta? Zure ondotik pasatzen den hurrengoan zer egingo duzun pentsatu duzu? Berriro arnasari eutsiko diozu?

Landerrek begirada pentsakor galdu zuen. Ez zuen horretan pentsatu. Medikuak errezeta luzatu zion.

-Zer da hau? Honek mina kenduko dit?

-Gutxi gora behera. –Erantzun zion irribarrez medikuak.

Landerrek errezeta ozen irakurri zuen.

-“Plazako tabernatik eta banketxeeetako ilegorriengandik urrun ibili.”

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.