Continue Reading" />

Bururik gogorrena

Etiketarik gabe Permalink 0

Paulo hain burugogorra izatearen arrazoia azaldu beharrean nago; bai, duzuen jakin-min hori nolabait itzali. Batzuen esanetan aita errementari zuelako zen. Beste batzuen esanetan berriz, ama oso egoskorra zen, oso tematia, eta hura arrazoia. Baina azalpen merkeegiak dira.

Batzuek diotenez kartzelan egindako egonaldietan hainbeste jipoi jaso zituen, bereziki buruan, orain buru hori garaiezina dela. Azalpen honek funts gehiago izan dezake, izan ere hamaika aldi eta erditan egona zen kartzelan. Erditan, bai. Azkena, bidean zegoela ihes egin zuelako. Begira, horra ostiral bero hartan tabernan agertzearen arrazoia.

Bertan zeuden guztien jarrera aldatu egin zen tabernako atea gurutzatu ahala; guztiak bazter batean egunkaria irakurtzen hari zen bidaiari bat ez ezik, iragaitzaz zegoen bat, hark ez zuen Paulo burdinazko burua zuen gizonaren berri nonbait. Tabernan bat batean sortu zen isiltasunaz jabetuta tabernariari galdetu zion.

-Zer dela eta bat bateko isiltasun hau?

Tabernari zaharrak ez zuen erantzun. Ondoan zuen mozkor txiki batek erantzun zion ahopeka.

-Horko hori Paulo da, erregeen erregea, burdinazko burua dauka. Buruarekin jota iltze batekin hormarik gogorrena ere zeharkatu dezake.

Bidaiaria barrez hasi zen. Gure “buru gogorra” ohartu eta gerturatu egin zen.

-Zeri barre?

Mozkorrak bidaiaria babestu nahian hitza hartu zuen.

-Zera… honako honek apustua egin nahi du… iltzearekin horma zeharkatzeko kapaza ez zarela dio! Hiru kolpetan!

Paulo, erregeen erregea, burdinazko buruaren jabea zezenen moduan sudurretik kea botatzen hasi zen.

-Egin joko! –oihukatu zuen tabernari zaharrak.

Bidaiaria haluzinatuta zegoen tabernan sortu zen burrunbarekin. Hamar euroko billeteak pilatzen hasi ziren barra gainean.

-Jokatutako diruaren herena beretzat da! Hori da arau bakarra! –argitu zion mozkor txikiak.

-Beste iltze bat horman, beste egutegi bat zintzilik! –gehitu zuen tabernari zaharrak.

Bezeroek edateari utzi zioten. Beste batzuk ordea, ondoan zutenen edariak xahutu zituzten. Paul, burdinazko buruaren jabea prest zegoen. Iltzea horman jarri eta dunba! Kolpe bakarrean 5 zentimetro desagerrarazi zuen iltzea horma barruan.

-Zoragarria!

-Izugarria!

Bidaiaria aho bete hortz zegoen. Beste buru kolpe bat et egutegi berria zintzilikatzeko heldulekua prest.

-Baietz bigarren kolpea nahikoa iltzea erabat desagerrarazteko! Nork hogei euro?

Bidaiariak begiak iltzea, horma eta Pauloren burutik kendu gabe poltsikotik 50 eurokoa atera eta mahai gainean utzi zuen. Paulok pauso bat eman zuen atzera, indarra hartu nahian, hormara gerturatu eta danba! Iltzea ez zen gehiago mugitu. Burdinezko gizona berriro saiatu zen. Baina ezer ere ez. Pauloren burua odoletan zegoen. Bertako guztiak erabat harrituta. Tabernari zaharra burumakur. Paulo, burdinazko gizon burugogorra jo eta su. Danba eta danba. Baina alperrik.

Zer zela eta? Zergatik ez zen iltzea horman sartzen? Tabernako horma zaharra zen, betiko horma. Beste hainbeste iltze irentsi zituen horma zaharra.

Hormaren beste aldean Mieltxo zegoen. Hormaren kontra jarrita freskagarri bat edaten. Paulok beste aldetik kolpe bakarrean sartu zuen iltzea Mielen buruaren kontra jo zuen. Horregatik ez zioan aurrera. Ez aurrera eta ez atzera.

Batzuen esanetan anaia bikiak ziren. Aita errementaria zuten. Ama oso egoskorra eta tematia zen. Baina nork daki biek ala biek burua hain gogorra izatearen arrazoia hori zen ala ez.

Dakigun gauza bakarra, tabernari zaharrak egunkaria zintzilikatzeko kakorik gabe geratu zela.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.