Continue Reading" />

Azken azkena

Etiketarik gabe Permalink 0

-Uste nuen gure artekoa… Ez nuen hau asko espero.

-Banekien ez nizula esan behar. Uste nuen… hainbeste urte pasa dira…

-Zer? Uste zenuen ez nintzela haserretuko? Onartu egingo nuela?

-Zenbat urte daramatzagu elkarrekin? Harritu egiten nau zu horrela…

-Jakina horrela nagoela? Zer uste duzu? Niretzat oso garrantzitsua zen!

-Ikusten dut bai. Zur eta lur geratu naiz. Ez nuen espero horrela jarriko zinenik. Benetan.

-Hori kulparik sentitzeko gaitasunik ez duzulako da.

-Tira, tira, tira… eta zer nahi duzu orain egitea?

-Zuk jakingo duzu! Nik esan behar al dizut zer egin? Nik esan behar badizut ez da berdina izango.

-Hain ikaragarria al da egin dudana?

-Bai, bai, bai… izugarria izan da!

-Ez esan zuk sekula ez duzula tentazioa izan, ez duzula ikusi duzun bakoitzean pentsatu… hauxe da aukera, orain edo sekula ez… Zera bat zen… hitzik ere ez daukat…

-Esan, esan, esan… zer zen? Zer zen?

-Aizu! Inor ez da perfektua! Zu bai ala?

-Ez dauka perfektua izatearekin zerikusirik! Ohorearekin du zerikusia, zuzentasunarekin!

-Ahaztu ezazu arren! Ahaztu! Listo! Finito! Kaput!

-Ja! Esatea egitea baino errazagoa da!

-Ez da hainbesterako izan…

-Eta nik egin izan banu zer? Nola sentituko zinateke?

-Ez dakit, baina ez nintzen horrela jarriko… Hain, hain, hain…

-Uztazu! Hori nik zuk baino kontzientzia hobea dudalako da! Betirako galdu dugu… nola esan duzu? Listo! Finito! Kaput! Kito!

-Nahikoa da! Bale, ondo da. Ni naiz erruduna. Tipo nazkagarri bat naiz. Baina zer egin dezaket hau konpontzeko?

-Damua sentituko bazenu, baina benetakoa…

-Damua? Benetakoa?

-Bai, damua, erruduntasuna, benetakoa.

-Bale, ondo da. Entzun behin bakarrik esango dut eta. Damu dut, errudun sentitzen naiz, ez nizun minik egin nahi, ez nuen nahi egin dudan honek gu bion artekoa zalantzan jartzea. Damu dut egin dudana egin izana.

-Baina esan, esan… esatea ere lotsa ematen al dizu?

-Ez, tira, bai, bale… zera esan nahi nuen… ez didala…

-Ba esan orduan!

-DAMU DUT AZKEN DONUTSA JAN IZANA!

-Sentimendu gehiagorekin esan izan bazenu…

-Sentimendu gehiagorekin?

-Eta orain joan zaitez supermerkatura donuts gehiago erostera.

-Orain? Sekulako elurtea botatzen ari da eta!

-Ikusten? Benetako damua sentituko bazenu joango zinateke. Baina ez… zurekin alperrik da!

-Hau guztia donuts puta bategatik? Banoa…

-Esnea ere amaitu da… sojaduna, badakizu!

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.