Kafetegia topera zegoen. Bezeroek kafea eskatzen zuten eta egunkariak astintzen zituzten albisteei begirada azkarra eman nahian, beste batzuk bazterretan berriketan zeuden. Baina Lander zerbitzariari begira zegoen. Barraren aurrean eseri zen pilotik hartutako aldizkari bat bere aurrean zabalduta. Irakurri egiten zuen, edo plantak egiten zituen. Jakizu noizko zen aldizkari hura gainera.
Aldizkariaren gainetik begiratzen zuen. Irribarre egin zion hortzak zabal erakutsiz. Zerbitzariak ere irribarrea bueltatu zion. Azala kolore krematsukoa zuen, aurpegi hezurtsua, ile luze beltz eta distiratsua. Deigarria.
Lander barra aurreko taburetean mugitzen zen, kafe gehiegi hartu zuen, laugarrena zuen. Neskarekin hitz egin nahi zuen, baina txizagurez zegoen. Larri. Komuna ezkerreko atetik irten eta korridorearen amaieran zegoen. Baina ez zen joaten ausartzen. Eta bueltatzean neska ez bazegoen? Hiri hura oso handia zen, ez zuen berriro ere inoiz ikusiko agian.
Mahaien artean zebilen. Zukuak hara, opilak hona, kafeak handik hona. Ez zizkion begiak gainetik kentzen. Bere begi marroiak bereekin egin zuten topo. Zerbitzariak irribarre egin eta sukaldean ezkutatu zen eta berriro irten zen irribarrez eta berari begira. Gerturatzeko gonbidapena al zen? Geroz eta maiteminduegi zegoen. Behatza miazkatu eta orrialdea pasatu zuen, Egiptoko piramideen inguruko erreportaje bat zen. Piramide haiek ere bakarrak ziren munduan, pentsatu zuen, patata tortilla pintxoa leiho ondoko mahaira zeraman itsas-lami haren antzera.
Argi zuen. Bata bestearentzat eginak zeuden. Noraino iritsiko ziren? Hasierako segizioa, ezkontza, seme-alabak, ilobak? Hura hasiera baino ez zen, ordu-arte zuen etorkizuna erabat aldatuko zen une hartatik aurrera. Eta elkarrekin izango zuten alaba lehendakari bihurtzen bazen? Lehen emakume lehendakaria? Beraien ilobaren batek minbizia sendatzeko botika asmatzen bazuen? Ilobaren ilobak Martitzen lurra zapaltzen zuen lehen gizakia bazen? Gauza handi guztiak pauso txikiekin hasten ziren.
Ezpainari kosk egin zion. Puxika lehertzear zuen. Katilu hotsa, kafe usaina, ondoan zuen bezero builosoak telefono mugikorretik oihu egiten zuen, ezin zion txizagurari gehiago eutsi. Landerrek hazka egin zuen. Neskarengana gerturatu edo aurretik puxika hustu? Erabaki garrantzitsua zen. Etorkizuna jokoan zegoen. Ondorio politiko inportanteak zeuden jokoan, ondorio zientifikoak, unibertsoaren konkista… Zerbitzariari hitza eman behar zion, baina lehertzear zegoen…
Ezin zuen gehiago itxaron. Zutik jarri eta korrika komunera joan zen, egin beharra zuen eta egin egin zuen. Hura lasaitua. Begiak itxi eta plazer handienetako bat zen hura gozatu zuen. Ondoren eskuak garbitu eta orraztu. Irribarrea entseiatu zuen ispiluaren aurrean. Orain bai, orain prest zegoen. Egin egin behar zuen. Kito. Ez zuen ihesbiderik.
Barra aurrera itzuli zen. Orain bai, lasai eta prest. Bere bostgarren kafearen azken tragoa han zuen zain. Baina… non zegoen azal krematsu, aurpegi hezurtsu, ile luze beltz eta distiratsuko zerbitzaria? Barran atzera eta aurrera zebilen zerbitzari burusoilari galdetu zion. Espero ez zuen erantzuna jaso zuen. Joan egin da. Alde guztietara begiratu zuen. Ez zegoen haren arrastorik. Akabo etorkizuna, kaka zaharra. Bere bihotzak krak egin zuen. Bere bizitza eta planetaren etorkizuna berriro hankaz gora. Akabo lehen emakume lehendakaria, akabo minbizia sendatzeko botika… akabo guztia! Katilu barrura begiratu zuen, bere etorkizun berria bezain beltz zegoen. Azken zurrutada eman eta ondoan zuen bezero builosoa amorruz begiratu ondoren zutitu eta joan baino lehen 10 euroko billetea bota zuen barra gainera.
Esku leun, beltzaran batek jaso zuen billetea barra gainetik. Neska beltzaran bat zen, ile-horia. Bueltak ekartzen zizkion bitartean berari begira geratu zen. Hipnotizatuta. Ezpain lodiak zituen, begiak berde kolorekoak. Betidanik maite izan zituen begi berdeak, urdinak baino gehiago.
Lander berriro barra aurreko bere taburetean eseri zen. Bueltak ekarri orduko beste kafe bat eskatu zuen. Zukuak hara, opilak hona, kafeak handik hona. Katilu hotsa, kafe usaina, ondoan zuen bezero builosoak telefono mugikorretik oihu egiten jarraitzen zuen. Kafetegia topera zegoen. Bezeroek kafea eskatzen zuten eta egunkariak astintzen zituzten albisteei begirada azkarra eman nahian, beste batzuk bazterretan berriketan zeuden. Baina Lander zerbitzariari begira zegoen. Maitemindu egin zen kolpean. Aldizkariaren gainetik begiratzen zuen. Irribarre egin zion hortzak zabal erakutsiz. Zerbitzariak ere irribarrea bueltatu zion…
Iruzkina uztea