Continue Reading" />

Azken orrialdea

Etiketarik gabe Permalink 0

Izugarri maite zuen irakurtzea. Atera kontuak, liburu bat irakurtzen hasi eta laugarren orrialderako maitemintzen zen. Liburu guztiekin gertatzen zitzaion gauza bera. Baina maitemintze hura gozamena izan beharrean sufrimendua zen, depresioa, nahigabea. Liburuen amaiera iritsi ahala ezinbizia sortzen zitzaion. Zer egingo zuen liburua amaitzean?

Horregatik, aspaldi, konponbide bat aurkitu zuen bere atsekabea ekiditeko: azken orrialdea kendu eta larru beltzeko karpeta batean betirako gorde. Sukaldeko apaletan gordez joan zen liburuen azken orrialdez betetako larruzko karpeta beltzak.

Gaur goizean, nekez ohetik altxa eta bere makulu zaharraren laguntzaz liburuz gainezka duen etxea zeharkatuz, liburuz beteta dagoen sukaldeko besaulkian eseri da amaitu ezin izan dituen liburu guztien azken orrialdeak gordetzen dituzten larruzko karpeta beltzei begira. Urduri dago, dardarka. Bere bizitzako azken egunak bizitza osoan amaitu gabeko liburu guztien azken orrialdeak irakurtzea erabaki du. Baina horrek gozamena sortu beharrean atsekabea ekarri dio, sufrimendua, depresioa, nahigabea. Beldur da liburu guztien azken orrialdeak irakurtzeko nahikoa bizitza geratzen zaion ala ez, eta horrek atsekabez bete du.

Arratsaldean bisitan etorri zaion alabak besaulkitik erorita larruzko karpeta beltz eta bere bizitzako liburu maite guztien azken orrialden artean  aurkitu du. Bere bizitzako azken orrialdea ezin amaituta.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.