Continue Reading" />

Bidaia ahaztezina

Etiketarik gabe Permalink 0

Gure bidaiak ahaztezina izan behar zuen. Bidaia marabilloso horren bila agentziaz agentzia ibili ginen bidaia-agenteak erotu araziz, eta guztia ezertarako. Nekatzen hasita nengoen ametsetako bidaia horren bila.

-Tira, Elene… Benetan inporta al du nora goazen? -esan nion hamaikagarren agentziarako bidean gidatzen ari nintzela. –Elkarrekin izango gara, zer axola beste guztia? Ingurune polit bat, eguraldi ona, janari hobea… ez dugu beste ezer behar. Edonora joan gaitezke.

Isilune gordin, pisutsu eta zorrotz baten ondoren, hiru hitz bota zituen, bata bestearen atzetik, hitz bakoitza bonba atomikoa balitz bezala.

-Jakina inporta duela!

Horrela ezagutu genuen Bidaizabal andrea, “Zure Bizitzako Bidaia” agentziako bidaia-agentea.

-Deitu iezadazue Harriet! –esan zuen hemendik eternitaterainoko irribarre batekin eta gure masailetan bere ezpainetako gorriaren arrastoa betirako tatuatuz.

Ez zekien Bidaizabal andereak, tira, Harrietek zer zetorkion… Soineko loreduna ere zimelduko zitzaion ordubetez Elenerekin borrokan pasa ondoren. Pena ere ematen zidan Bidaizabal andereak, baina tira, bere lana zuen.

Baina Bidaizabal andereak orain arteko bidaia-agente guztiak baino pairamen handiagoa zuen. Agian izena, Bidaizabal… agian andrea izatea… baina eutsi egiten zion Elenaren enbiteari. Bi aharien antzera adar joka aritzeak urrundu beharrean elkar ulertzen lagundu zien.

-Badakit zer den behar duzuena! –bota zuen Bidaizabal andereak sendo. –Bidaia kosmiko bat!

-Et, et, et, et… -larritu nintzen ni –Seguru segurua dela? Ez dut arriskurik nahi! Badakizu!

-Ehuneko ehun batean. Eta ahaztezina gainera. Ez zarete damutuko!

Elenak horrelakoetarako gordeta izaten dituen esaera ezezagun horietako bat bota zuen.

-Bada errusiar esaera bat… arriskatzen ez duenak ez du xanpainik edaten! –bota zuen bere begirada zorrotza nire kopetan iltzatuz. –Bidaia kosmikoa nahi dut!

Ez dakit zuei, baina baten batek “ehuneko ehun batean” edo “ezerk ezin du hutsik egin!” esaten duenean dardarka hasten naiz. Horrelakoetara nik ere baditut esaera ezagunagoak, baina niretzat gordetzen ditut: “Zerbait gaizki irten badaiteke, gaizki irtengo da!”

Ez nuen Elenak zuen zirrara sentitzen bidaia kosmiko haren aurrean. Hogeitamar egun “ametsetako kapsulan” giltzapetuta lurraren orbitan bueltaka. Tira, onartzen dut, seguru ahaztezina dela, seguru erabat zirraragarria izango dela… hori guztia, bai… baina asteburu batekin ez al da nahikoa? Hamster baten antzera gurpilean bueltaka ez ote ginen hasiko laugarren egunerako paradisu kosmiko horretan?

Tira, konturatzerako egokitzapen ikastaroan nengoen, garbigailu moduko batean sartuta zentrifugatzen, infernurako bidean, prakak zikinduta eta bihotza ere botaka egiteko puntuan.

-Ezin dut egin, ezin dut! –esan nion Elenari arrastaka nire onera ekartzeko erreanimatzen saiatzen ziren bitartean.

25 urte pasa dira eta ez da urterik pasa bidaiaren DVDa astean behin ikusi gabe. Jakina, bera bakarrik agertzen da, eta nik, ikusita bakarrik konortea galtzen dut oraindik ere.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.