-Definitiboki kanpo-espaziotik datoz! –esan zuen Labain doktoreak bereizmen handiko argazkiak ikusi zituenean. –Ikusten al duzue nola zurrusta propultsio bati esker eusten diren? Eta begira, analisi espektografokoak argi erakusten du aleazioa ezezaguna zaigula.
-Beraz kanpo-espaziotik datoz… eta? Zer nahi dute? –galdetu zuen Agintosky jeneralak –bonbardatuko al ditugu?
-Uste dut beraiek eman beharko luketela lehen pausoa. Oldartuko balira agian. –erantzun zuen doktoreak. Kontrol gela borborka zegoen pantaila txikiei begira.
Hiri guztietako kaleak zerura begira zegoen jendez gainezka zeuden. Guztiak zeruan zintzilik zeuden leka moduko traste haiei begira. Bat batean jendea arnasestuka hasi zen, oihuka batzuk espazio-ontzi haiek koreografia baten antzera mugitzen hasi zirenean. Konturatzerako zeru guztiak zilar koloreko sare batekin estali ziren. Burrunba bat entzun zen eta zilar koloreko sarean irudiak agertu ziren.
-Lur planetako biztanleak! –marmar egin zuen ahots sakon metaliko batek irudiak jauzika hasten ziren bitartean –egunean ariketa hauek eginaz sabela lau-lau izango duzue! Egunean 6 minutu besterik ez! Adi! Makina miragarri honi esker sukaldea zapaldu ere ez duzue egin beharko, berak prestatuko du menu desberdin bat urteko 365 egunetarako. Entzun! Zure arropa zuriagoa, leunagoa eta usain gozoagoarekin nahi? Zeren zain zaude? Ene bada! Soberan dituzun kilo horiek guztiak galdu nahi dituzula? Ba galduko dituzu frutarik gabeko zuku hauei esker! Eta hau guztia, datozen hamar urtetan, 123 € hilean ordainduta zurea izango da! Baina ez urrunera joan, itxaron, hau ez da guztia…
Agintosky jeneralak aginte gunean aginduak eman zituen.
-Bota ditzagun eulitzar horiek gure zeruetatik! Azken spammerra uxatu arte ez dut atsedenik nahi!
Berehala zeruak aireko indarraren milaka jetekin bete ziren, zilarrezko sarea txiki-txiki egin zuten.
Espazio-ontzian bitartean Guligulu Bilobulirengana biratu zen.
-Ez dlut gulertzen! Urtletan berailen seinale elektroikloak jaso eta aztertlu dituglu! Mezu hau berezikli diseinatlu glenuen zoriotsu eglinglo glenituelakloan! Zer eglin duglu glaizkli?
Espazio-ontziak zeruetatik desagertu ziren. Jendeak txaloka, jauzika eta oihuka ospatu zuen garaipena. Ondoren ziztu bizian etxera joan eta telebista piztu zuten denek. Iragarkiak bota bitartean albistegia piztuta utzi zuten oinak azken belaunaldiko masaje kutxan sartzen zituztela. Hamar minutu oinak han sartuta 2 orduko kirol ariketa egitea bezala omen da.
Iruzkina uztea