Continue Reading" />

Bihotz magikoak saltzen zituen mutikoa

Etiketarik gabe Permalink 0

Ba zen behin, mundua oraindik magiaz beterik zegoenean, azokan bihotz magikoak saltzen zituen haur bat. Azenario, aza eta pataten artean, zakuetan, kaxatxoetan gordetzen dituen, sekretuan.

-Bihotz magikoak, bihotz magikoak! Aldatu duzun harri koxkor hori bihotz hobeago baten truke! -oihukatzen zuen haurrak bere azokako txokotik.

Gizon handi bat gerturatu zitzaion.

-Ba al duzu errazegi sumintzen ez den bihotzik? –galdetu zuen gizontzarrak ahots sendoaz.

Mutikoak zirraraz baietsi zion eta eta zakuetan pilatuta zituen kaxa txikien artean bila hasi zen.

-Zortea izan duzu beste inori saldu ez izana, jauna! Bakarra daukat horrelakoa. Bihotz klase hori zaila da lortzen! –esan zuen bila zebilen kaxatxoa aurkitu zuenean.

Gizonari kaxa txikia eman zion.

-Zaharra aldatu baino lehen lasaitu egin behar duzu, ez dezala arrastorik utzi, garbi irten behar du berria sartu baino lehen! Utzi kaxatxoa ohe azpian eta lo zaudela aldatuko dute tokia beren kasa. Egun ona izan, jauna! –esan zion pozarren mutikoak.

Gizona metro batzuk urrundu zenean buelta eman zuen zurtuta.

-Ordaintzea ahaztu zait! Zenbat zor dizut? Etxekoek eskertuko dute aldaketa, zalantzarik gabe, eta horrek merezi du garestia bada ere!

Mutikoak burua astindu zuen.

-Bihotzak ez dira prezio batean saltzen. Zuk ekarri duzun borondate ona nahikoa ordaina da niretzako. –esan zion irribarrez.

Gizona, eskerrak eman eta etxera itzuli zen pauso alaian.

Beranduago emakume eder bat gerturatu zitzaion.

-Bihotz estra bat nahiko nuke. –eskatu zion emakumeak.

Mutikoak betozkoa jarri zuen.

-Estra? Baina zein motatakoa? Estra bakarrik esanda… -galdetu zuen saltzaile txikiak.

-Ez da motarik, berdin zait nolakoa den. Entzun, bi gizonekin nago maiteminduta eta zaila egiten zait bihotz bakarrarekin biei merezi dutena ematea. –azaldu zion emakume ederrak.

-Sentitzen dut, baina ezingo zaitut lagundu. Ederra izanda ere, zure gorputzak bakarra eraman dezake, bi eramanez gero ezingo zuten arnasa hartu. Egunen batean duzuna aldatu nahi bazenu etorri eta lagunduko zaitut!

Emakumeak arduratuta alde egin zuen.

Gizon gazte bat gerturatu zitzaion hurrengoa. Bihotza hautsi ziotela eta konpondu egin nahi zuela esanaz.

-Nik ez ditut bihotzak konpontzen… aldatu nahi ez baduzu, denborak sendatuko dizu, denborak eta haize hotzak.

Gizon gaztea bere ondoan eseri zen burumakur.

-Nondik ateratzen dituzu bihotz hauek guztiak? –galdetu zion.

-Sekretu komertziala da.

Ezin zion behi bihotzak zirela esan. Zer pentsatuko luke hori esango balio? Behi bihotzak oparitzen zituela. Azenario, patata, aza eta behi bihotzez betetako kaxa txikiz betetako zaku guztiak gurdira jaso eta tiraka kalean gora urrundu zen. Zergatik pentsatuko dute guztiek zaharra kendu eta berria jarrita konpontzen dela guztia? Dugun bitartean zainduko bagenu… Asmoa, intentzioa, borondateak bakarrik alda gaitzake.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.