Continue Reading" />

Ikusi makusi

Etiketarik gabe Permalink 0

Sudur gainean tramankuluak jarri bezperatan…

Pixaguraz lehertzear sartu nintzen tabernako komunera. Ba al da txizaguraz komunera sartu eta… ufa… zorrotada askatzean sortzen den plazera baino gauza handiagorik? Tira, horretan nengoela, bakarkako komun baten barruan, atzealdean, oin batzuk ikusi nituen ate azpitik. Oin txiki batzuk. Oso txikiak. Baina ez ziren haur batenak, gizon baten oin txikiak ziruditen. Norenak ote ziren hain oin txiki haiek? Agian oker nengoen? Posible al zen haur baten oinak izatea? Puxika hustear nuenean komun barruan zegoen oin txikiko hura jaiki egin zen. Jakin minak harrapatuta konketara hurbildu nintzen eskuak garbitzera. Oin txiki haien gainean nor bizi zen jakin behar nuen.

Ispiluan begira nengoen ur-zurrustaren azpian eskuak igurzten nituen bitartean. Eta hura ezustekoa, Mikel zen, nire bizilaguna. Tipo luzea benetan, ni baino handiagoa izatea ez da gauza zaila, baina Mikelek lepoa eta burua ateratzen zizkidan goitik. Nire lehen erreakzioa bere oinei begiratzea izan zen, iruditu bezain txikiak ote ziren ziurtatzeko. Nola ez nintzen orain arte deformazio harekin konturatu?

-Zer? –galdetu zidan goitik behera begiratuta Mikelek. –Arazoren bat?

-Zure oinek… haur baten oinak diruditela. Duzun garaierarako ez al lukete tamaina bikoitzekoak izan beharko?

-Zer diozu baina? 44 bat daukat eta!

-Kar, kar… 44a? 34ra iristen al dira ba?

-Ondo da, zein da txantxa… ez daukat goiz osoa!

-Ez da txantxarik… txiza egiten nengoela ikusi zaitut komuneko ate azpitik eta atentzioa deitu didate! Begira! Begiratu zure oinak!

-Bai, oin handiak ditut eta zer?

-Handiak? Mikel!! Itsu al zaude?

-Itsu dagoena zu zarela esango nuke! –esan zidan eskuak ur-zurrustaren azpian garbitu eta alde eginez.

Barrez itzuli nintzen txiza-lekura, puxika kexaka hasi baitzitzaidan berriro amaitu gabeko lanari heltzeko deika. Barrez nire zera praka barrutik atera eta txiza-lekuaren barruan zegoen euli pegatinatxoaren kontra diana egin nahian hura izan zen hura hartu nuen sustoa.

-Baina? Non da hankartean nuen beste guztia?

Betaurrekoak jarrita mundu berri bat ireki zait muturraren aurrean.

 

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.