Continue Reading" />

Play again

Etiketarik gabe Permalink 0

Idoiak ezin zuen Karmelek bideo-kontsolatan jolasteko zuen erakarpena ez ulertu eta ez jasan.

-Zenbat ordu emango dituzu hor? Ezin al zara nirekin hitz egitera etorri? Nirekin denbora pixka bat pasatu… ez zaitut astelehenetik ikusi, eta orain, etxera etorri eta egin nahi duzun gauza bakarra alienigena odoltsu horiek akabatzea da?

Asperen egin eta sofan zokoratu zen, haserre aurpegiarekin, besoak gurutzatuta eta arnasestuka herensuge zauritu baten gisa.

Karmelek berriz, berak ere ez zuen ulertzen. Zenbatetan proposatu ote zion Idoiari berekin jolasteko? Kontua galduta zuen, erakusteko prest ere agertu zen.

-Tira, Ido, dibertigarria da, elkarrekin jolastuko gara! Nahi baduzu zure profila prestatzen lagunduko dizut! Biok, elkarrekin…

-Zoratuta zaude? Burutik jota nagoela uste duzu? Nire perfila? Batzuetan… tira, hobe dut isiltzea…

-Bai, hobe…

Buelta eman eta alde egin zuen. Beste asteburu isil baten hasiera zen hura. Guztia gaizki hasten zenean hobe izaten zen isilik egotea. Kontsolako jokoak al ziren benetan arazoa? Edo beste zerbait zegoen ezkutuan? Gelako argia piztu eta bere burua ohe gainean erortzen utzi zuen, zerraldo.

-Zer arraio! Ez diot ezer txarrik esan, egia esan diot. Ulertzeko gai ez bada berak dauka arazoa…

Esnatu zenean guztia ilun-argi zegoen, gortinak irekita kaleko farolak itzal kuriosoak sortzen zituen gela barruan. Bere ondoan konkor ba zurrunga isilpean. Ez zekien zein ordutan oheratu zen, baina bietako batek, ez zekien nork burkoa jarrita zuen bien artean. Ukitu ere egin ez zitezen. Egoera gordina zen, latza. Lehen egunak oroitu zituen, barreak, txantxak eta algarak, eta sexua, etengabeko sexua, beroa, zoragarria. Ez zuen oroitu ere egin muxu bihurritu batekin gozatu zuen azkena…

Edredoi azpitik irrist eginez ohetik ihes egin zuen eta tapakia leiho ondoko aulkitik hartuta egongelara joan zen. Kontsola piztu zuen.

“Profil berria. Egin klik… emakumea ala gizona. Emakumea. Ilearen kolorea. Beltzarana.” Poliki galderei erantzunez Idoiaren antza zuen panpina bat agertu zen bere begien aurrean. Ez zen igual iguala, baina bere esentzia zuen. Gorputza biribilegia agian, ilea luzeagoa zuen, baina gustuko zuen. Idoia zen han zegoena. Idoia. Inoiz ez zuen pantaila hain distiratsu ikusi, bere begietan pilatu ziren malkoen ondorio. Hantxe pantailaren erdian zegoen Idoia hark bihotzetik heldu zion, lagunak besterik ez ziren garaiak zetozkion burura. Pantailara gerturatu eta behatzekin laztan egin zion. Hitz goxoak ere xuxurlatu zizkion pantaila gainean bere irudia eskuekin marrazten zuen bitartean.

-Karmele, baina zer arraio? Non zaude? Ez da egia izango? Goizaldeko ordu hauetan eta orain ere traste horrekin jolasean? Non zaude? Makina piztuta utzi duzu…

Argia piztu zuen Idoiak, baina han ez zegoen inor. Ez zuen pantaila begiratu, ez zuen beste Idoia ikusi. Karmele joan egin zen. Oharrik ere utzi gabe. Kontsola han utzita. Horrek itzuliko zela sinestarazten zion.

 

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.