Continue Reading" />

Egutegia

Etiketarik gabe Permalink 0

Juanmarik beti berdina egiten zuen. Burumakur, goibel, akabatuta sentitzen zen bakoitzean egutegia begiratu eta egutegira itsatsita zuen errotulagailu gorri batekin egun bat hautatzen zuen. Gauzak hobetu ezean bere buruaz beste egingo zuen eguna. Zoritxarrez gauzak inoiz ez ziren hobetzen hautatutako data iritsi aurretik. Beraz hartutako erabakiari aurre egiten zion. Behatza eskopetaren kakoan izozten zitzaion, kanoia ahoan sartu eta minutu batzuen ondoren… alde batera uzten zuen bere asmo ilun hura… momentuz.

Beranduago, baina arratsalde hartan bertan, errotulagailu gorria hartu eta beste data bat aukeratzen zuen, hilabete beranduago. Gauzak hobetu ezean bere buruaz beste egingo zuen eguna, beste bat. Baina data iristean… ezin izan zuen. “Koldar halakoa!” esaten zion bere buruari. “Ez duzu bizi nahi baina ez duzu gauzak aldatzeko ausardiarik!” Eta lehen baino goibelago sentitzen zen, akabatuago.

Horrela bizi izan zen hainbat hilabetez, haustura une batera iritsi zen arte, zirt edo zart egin beharreko bidegurutze bat.

“Ondo da, nire urtebetetze egunean egingo dut, abenduak 31n!” Erabakia hartua zuen. Errotulagailu gorria hartu eta eguna gorriz zirriborratu zuen eguna erabat estali arte. Ez zuen zalantzarik nahi, eta azken erabakia zela argi zuenez errotulagailua sukaldeko leihotik jaurti zuen.

Eta eguna iritsi zen. Berrogeita lau urte bete zituen eguna. Ohetik jaiki eta gosaldu gabe, zertarako gosaldu, aita zenaren eskopetaren bila joan zen atzeko logelara.

“Amaitu da. Gaur egin egingo dut. Bizitza hau zigor bat da niretzat, ezin dut gehiago, banoa…!” Eskopetaren kanoia ahoan sartu, behatza kakoan jarri eta… klak!

Kakoa estutu eta klak. Berriro estutu eta berriro klak. Klak, klak, klak eta klak. Belauniko eroriz zen lurrera, arnasestuka. Dardarka.

“Hilda al nago? Ez, hemen jarraitzen dut…” Irribarre egin zuen. Aspaldiko partez zorioneko zen. Zortea izan zuen. Eskopeta kargatu gabe zegoela ahaztu zuen. Argi zuen hura seinale bat zela. Handik aurrera gauzak aldatu egingo ziren. Seinale bat ez, hiru kolpean.

Eskopetarako kargarik ez. Urte berrirako egutegi berririk ez eta errotulagailu gorria patiora botata.

Jakina, ez zuen egutegirik erosi, tentazioak beti urruti. Badaezpada.

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.