Elkarrekin esnatu eta elkarrekin jaikitzen ginen egunero, zazpietan.
Elkarrekin gosaldu, zuk dutxa bat hartu eta ziztu bizian jantzi ondoren lanera joaten zinen.
Elkarrekin ez geundenean ezer gutxi nuen egiteko; zure zain egotea baino ez.
Elkarrekin ez ginenean zure etxean ibiltzen nintzen batetik bestera, gelatik gelara.
Elkarrekin ez ginenean kalez kale ibiltzen nintzen, tabernaz taberna.
Elkarrekin ez ginenean hasi nintzen zure herriko erdigunetik urruntzen. Auzoak ezagutuz.
Elkarrekin ez ginenean bazter ezkutu asko ezagutu nituen.
Elkarrekin ez ginenean liburuak erosi nituen, Paris Texas filma DVDan, ukelele zahar bat.
Elkarrekin ez ginen batean tatuaje bat egin nuen sorbaldan, bizarra luzatzen uztea erabaki nuen.
Gau batean erositako DVDa ikusten berandutu egin zitzaidan, hurrengo egunean ezin izan nintzen zurekin batera esnatu, jaiki eta gosaldu.
Horregatik ez al gaude jadanik elkarrekin?
Bakarrik gosaltzen dut orain.
Iruzkina uztea