Continue Reading" />

Estralurtarrak? Izan badira…

Etiketarik gabe Permalink 0

-Bihotza, sekula ez nizuke gezurrik esango!

-Ez, jakina, gezurra zuk niri? Nola baina? Estralurtarrek bahitu eta beren espazio-ontzi inudera eraman zaituztela eta hamabost minutu iruditu zaizkizun arren bi egun etxetik kanpo pasa dituzula? Nola ez dizut ba sinistuko?

-Bai, badakit erokeria dirudiela.

-Eta etxera lurrin fabrika batean baino usain gehiagorekin zatoz, eta ezpain-margoa zure lepoan…

-Honek ere azalpena dauka.

-Barre egiteko prest nago, aurrera, bota.

-Esperimentu bitxi bat egiten ari omen dira… Robot moduko bat zuten, emakume itxurakoa, oso emakume eder… zera, emakume itxurakoa alegia, ez pentsa emakume berezia zenik, keba, emakume arrunta, zera zure… tira zu ez zara arrunta zu…

-Segi, segi… ederki ari zara…

-Harrigarria bada ere, estralurtarrek emakume androide hau diseinatu zutenean itxura, beno zirudiena…

-Ez dut jakin nahi zer zirudien…

-Zin degizut buruan zu izan zaitudala denbora guztian…

-Ezin dut sinistu hau guztia entzuten egotea!

-Iraingarria izan da! Inoiz ez naiz hain objektu sentitu, erabilia sentitu naiz… nola esaten da, kleenex baten modura, hartu, erabili eta bota…

-Bai, ziur naiz horixe sentitu duzula…

-Ez dakidana da zergatik aukeratu ninduten ni. Ni lanetik etxerako bueltan nentorren eta bat batean espazio-ontzi batek kotxea xurgatu du. Ez dut uste beste inork ikusi duenik, oso azkar gertatu da, eta lehenago iristeko autopista utzi eta bidezidor batetik nindoanez…

-Hara! Bidezidor batetik autopistatik baino azkarrago? Ba ni lanetik ere autopistatik bueltatzen naiz eta ez nuen bidezodor horren berri…

-Zera… lagun batek eman zidan harren berri… Baina jakin izan banu ez nuke autopista utziko… baina bihotza, traumatizatuta nago, ez dakit berriro ohean kapaza izango naizen…

-Bale, nahikoa entzun dut, kanpora!

-Kanpora? Baina bihotza…

-Kan-po-ra! Gezurretan ari zara! Alde etxe honetatik! Ez zaitut berriro ere ikusi nahi!

-Itxoin-txoin-txoin-txoin… androide hori aurkeztuko banizu… sinetsiko zenidake?

-Burua galdu duzu? Orain kezkatzen hasita nago… emakume hori ez zenuen ba etxera ekarriko?

Atea ireki eta Angelina Jolieren iguala den emakume bat agertuko da.

-Hau Kirki 4 da. Aipatu dizudan androidea.

-Emakume arrunta esan duzu?

Mugimendu azkar batean arasatik lanpara hartu eta Kirki 4 androideari buruan emango dio. Ondoren loreontzia robotaren kontra botako du. Azkenean aterki bat hartu eta Kirki4 androidearen atzetik abiatuko da etxe osoan zehar. Kirki4 androidearen izu aurpegia nabarmena da. Kolpeak ekiditeko besoak altxatuta  doa. Alperrik.

-Nazkantea! Zabor intergalaktikoa! Alde nire etxetik! Noizbait inguruan berriro ikusten bazaitut emango dizudan zartadarekin Jupiterren orbitan bueltaka utziko zaitut!

Androidea korrika abiatuko da kalean behera.

Behin espazio-ontzi inudera bueltatuta bere txostena osatuko du.

“Gizakiak izaki basatiak dira. Ez du pena merezi kolonizatzea. Izaki hauekin estalketak bikotekideen indarkeri ankerra pizten du.”

Estralurtarren komandanteak Kirki4-k aurkeztutako txostena ikusita oso kalifikazio eskasa eman zion Lur planetari. Berriro hurrengo milurtekoan behintzat ez itzultzeko erabakia hartu zuten.

Kirki4 androidea ez zen bere kamarotetik irtengo hainbat hilabeteetan. Jupiter izena entzuten duen bakoitzean fusible bat erretzen zaio.

7 planeten ingurunetik ez dira ordutik irten. Zertarako?

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.