Continue Reading" />

Nor noren gainean eta ez bata bestearen ondoan

Etiketarik gabe Permalink 0

Alabak esan dit bere eskolako mutilak matxistak direla. Berak eta bere lagunek ezin dutela nahi dutenera jolastu, ez dutela lekurik. Dirudienez, egunero, mutilek patio osoa okupatzen omen dute futbolera jolasteko. Hori ikusita eskolak erabaki omen du ostiralak futbolik gabeko egunak izango direla. Herrian zehar buelta bat emango dute ostiraletan, beraz alabak eta bere lagunek ostiraletan ere ezingo dute nahi dutenera jolastu. Baina arazoa ez da ostiraletan ezin dutela nahi dutenera jolastu, arazoa da beste egunetan ere ezin dutela patioa futbolariz betetzen delako, mutil futbolariz. Hau da, patioan gizonek agintzen dute, mutiko bertsioan baina gizonek. Patioaren parte handiena futbol zelaiak betetzen du, eta eskolako gizontxoek okupatzen dute, antolatu egiten dira, mailaka, asteko egunetan, astelehenetik ostegunera, esan bezala ostiralak futbolik gabeko egunak direlako. Horrela ba astelehenetan hirugarrenekoak, asteartetan laugarrenekoak… Horrek esan nahi du dagokien eguna ez denean gainontzeko mutilek soberan dauden txokoak erabiltzen dituztela baloiari ostikoak emateko. Eta beraz… zer egiten dute neskek?

Baina arazoa ez da futbola, arazoa amankomuneko espazioaren erabilpena da.

Agian baten batek esan dezake adin horretan ezin dela oraindik portaera matxistarik izan. Zer? Haur horiek Jupiter inguruan dabilen satelite batean hezitutakoak dira ala? Horrela ez bada, zalantzak ditut.

Gehiengoak futbola nahi duela? Baina esango nuke gehiengo horretan neskak ikusezinak direla.

Mutilek libreki hartzen dute patioaren parte handiena, beraz neskek patioan ez dute lekurik, hau ere libreki?

Ah! Jakina, futbola hautatu duten horien artean neskak ere egoten direla? Beraz horrek genero arazoa baztertzen du.

Konponbideak erraza ematen du ezta? Neskak futbolean hasten direnean arazoa amaituko da.

Beraz, genero arazoa amaituko da neskek mutilen arauak onartzen dituztenean.

Hau da, abiapuntura itzultzen garela.

Nor noren gainean eta ez bata bestearen ondoan.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.