Continue Reading" />

Formak

Etiketarik gabe Permalink 0

Tarteka amaren etxean egiten dut lo. Ohiturak. Berriketa eta telebista saio luzearen ondoren, ohera, berandu, urduri, hartutako eltzeko kaferaen eraginez itzartuta. Edredoiaren azpian kukuzkurtuta leiho aldera begira jarri eta honen argi zuria leihotik sartzen dela konturatu naiz. Ilargiaren argiak edredoiaren zimurretan aurpegi bat dagoela erakutsi dit. Zuri-beltzeko filmen garaiko aktore bat gogora arazi dit. Gangsterren filma guztietan agertzen zen sekundario handi horietako bat, ez dut izena oroitzen. Sudur zabala zuen, txatoa, masailak beteak, burusoila. Zuri-beltzeko gangster filme haietan lan zikinak egin behar izaten zituen tipo gogorra. Esango nuke orbain sakon bat ere bazuela sudurrean, baina ez nago seguru.

Edredoia betidanik izan da amaren etxean, beraz aurpegia ere garai haietakoa izatea ez da harritzekoa. Edo baliteke aktorea ez izatea. Agian arbaso bat da, berea den zerbait erreklamatzea datorren bat. Edredoia agian. Agian manta zahar hau maite zuen. Nork jakin! Baina ez dut uste, horrek ez du zentzurik. Bere aurpegia ez da mehatxuzkoa. Nork berreskuratu nahiko luke edredoi zahar hau? Amak zertarako gordetzen duen ere ez dut ulertzen… Tira, irribarrea sortarazi dit behintzat. Urduritasuna uxatu dit aurpegi horrek. Kariñoa hartu diot azkenean. Batzuetan hitz egitea gustatzen zait lo egin aurretik, eta hitza eman diot, baina berak ez dit erantzun, hasieran, gero bai. Ez dizuet esango zer esan didan, baina ez zait gustatu.  Orduan ni mindu naiz. “Ixo! Lo hartu nahian nabil!” esan diot. Buelta eman dut ohean. Bizkarra eman diot, baina segidan damutu eta berriro jiratu naiz. Baina jada ez dago. Ni bere laguna izan nahian nabilela esan diot. Baina ez da itzuli. Itzartu egin naiz berriro. Edredoian dauden beste zimur guztien artean ezkutatuko zen, murgildu.  Orain itsasoa baidirudi amaren edredoi zaharrak. Gustatzen zait itsasoa. Kresal usaina falta, hori bai.

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.