Telefonoa…
-Gabon, ni naiz, ama!
-Hara! Gabon, ama! Zer moduz zaude?
-Baten bat dabil etxeko atarian!
-Zer? Nor?
-Jakingo banu!
-Ziur al zaude?
-Entzun egin dut. Itzal bat ikusi dut. Seguru.
-Ez urduritu, egon lasai, Ertzaintzara deituko dut.
-Zoratuta al zaude? Eta ertzainak etorri baino lehen joaten bada?
-Ba listo, arazoa amaituta!
-Ez duzu ulertzen? Laugarreneko bizilagunak barre egingo dit, bere aurpegia ikusi dezaket marmarka… Atzo bertan eskailerak igotzen ari nintzela atarira irten zitzaidan… “entzun duzu eskailerak igotzea zein ona den dementziarako?” Dementzia nik? Sorgin halakoa!
-Ez nekien auzoan lapurrak zebiltzanik…
-Nork esan du lapurra dela? Etxerik gabeko norbait izan daiteke, edo txakur bat… galdutako txakur bat… edo dena batera, etxerik gabeko lapurra bere txakurrarekin…
-Beno ba, esan zer nahi duzun egitea Ertzaintzara deitzea ez baduzu nahi?
-Zergatik ez zatoz salto batean?
-Zer? Orain? Hiru ordu laurden behar ditut horra iristeko. Tira ama, badakizu erditzeko puntuan dagoela, ezin dut galdutako txakur batengatik bakarrik utzi.
-Egin kasu, bihozkada bat da baina… zure andragai horrek ez du gaur erdituko… seigarren zentzua, badakizu… nire seigarren zentzuak inoiz ez dit hutsik egin!
-Eta hau lehena balitz?
-Ez ba!
-Ama, zer gertatzen da, benetan?
-Zer gertatu da ba?
-Beti ari zara zer moduz nagoen galdezka, kontuz ibiltzeko, alperrik ez gidatzeko… eta orain izaki beldurgarri ikusezin bati aurre egiteko eskatzen didazu? Nire segurtasunarekin obsesionatuta eta orain hau?
-Ni ez nago obsesionatuta! Gainera, hori txikia zinenean zen. Tira, zatoz agudo, esna itxarongo zaitut.
-Ondo da, berehala noa. Ez atea inori ireki. Zu eta zure etxerik gabeko lapurrak…
…
-Ama… etxean nago… non zaude?
-Sukaldean, mahaia jartzen…
-Eta? Non dago izaki beldurgarri hori?
-Ze poza zu ikusteak! Emadazu muxu bat!
-Ez dago inor atarian, inguruan ere ez. Sarrerako kaktusak irentsi ez badu behintzat.
-Eskerrak! Ez dakizu zenbat lasaitzen nauen… ospatu dezagun!
-Etxera bueltatu beharrean nago.
-Geratu zaitez hemen, badakizu ordu hauetan gidatzea arriskutsua dela.
-Ama!
-Zopa egin dut, ondoren izokina plantxan prestatu dizut eta zuri hainbeste gustatzen zaizun gazta tarta.
-Gazta tarta? Gazta tarta egin duzu niretzat?
-Gaur goizean dendan hostore prefabrikatu hori ikusi eta tarta egiteko gogoa piztu zait. Nik egiten dudan hostorearen modukorik ez dago… jakizu beste hostore horiek zerekin egiten dituzten… eseri ba mahaian…
-Zer? Lapurraren kontua asmatu duzu niri hiru platereko afaria emateko?
-Jakina ezetz!
-Ez ba! Kasualitate hutsa da! Zoparena tira, baina izokina gorroto duzu eta sekula ez duzu tartarik jan! Prestatu bai, baina jan…
-Ba egia esango dizut! Lapurrarena asmatu dut, bai, baina ez afaltzen emateko, zu ikusteko baizik. Noiz etorri zinen azkenekoz? Hilabete bat? Bi? Terrazako atea ezin itxi geratu nintzanean!
-Hura ere asmatu egin zenuen…
-Hemendik hiru ordu laurdenetara bizi zara, baina larrialdiren bat badago bakarrik zatoz. Beraz, ixo eta jan ezazu zopa beroa dagoen bitartean.
-Badakizu inoiz ez naizela oso zopazalea izan!
-Ba zuk ere badakizu etxe honetan zopa jaten ez duenak ez duela gazta tartarik!
Iruzkina uztea