Continue Reading" />

Ikusezina zarenerako hiru lezio txiki

Etiketarik gabe Permalink 0

Agintzen dizuet ikusezina izatea gauza zoragarria dela gehienetan. Inork ikusi gabe jende asko joan ezin daitekeen lekuetara joan zaitezke, eta jende askok ikusi ezin ditzaken gauza asko ikusi ditzakezu. Bere trikimailuak ditu jakina, ez dago ikusezina izateko eskolarik, beraz zure talentuaren arabera doa dena… ikusezina izatea dominatzea desafio bat da! Zin dagizuet! Egunen baten dohain hau azaltzen bazaizue, horra gomendio batzuk.

Niri gertatu zitzaidan lehen aldia etxeko eskaileratan izan zen. Jakina, jantzita nengoen. Hamalau urte baino ez nituen:

-Begira ama, ikusezina naiz!

Ama eskaileratan behera erori zen zorabiatuta. Ikusi zuen gauza bakarra nire spidermanen pijama izan zen, hori bai luze eginda, eta nire ahotsa pijama jakaren lepo zulotik irteten. Beraz…

Lehen lezioa: Ikusezin bihurtzen bazara beti biluzik, ahoa itxita eta barne hots zaratatsuak kontrolpean izatea. Galdera deseroso asko ekidingo dituzu.

Bigarren lezioa: Hegazkina hartuko baduzu ziurtatu egin beharreko guztiak eginda dituzula. Puxika hutsik, hesteak garbi… Hegazkinetako komun txiki horietan pertsona batentzat baino ez da airerik izaten. Lotsa? Imajinatu zu hor zaudela eta atea irekitzen dela… emakume hori sartzen da, eta zuk, nik alegia ez daukat ihesbiderik… harrapatuta nago. Eta hor zaudela entzun nahi ez zenukeen guztia entzun behar duzu, usaindu behar duzu. Eta isilik egon behar. Edo ez. Eztul txiki bat egin, zerbait mugiarazi eta iskanbila ederra sortu hegazkinean. Hortik aurrera isilik egotea komeni zaizu, bidai-txartelik gabe igo zara eta ez zaizu komeni zeure burua salatzea.

Eta gaurkoz azken lezioa, hirugarrena. Beste ikusezinek baino ezingo zaituzte ikusi. Hori ondo dago, zuk ikusi ditzakezu eta beraiek zu. Eta jakina, lehen lezioa kasu honetan “arazo” izan daiteke, hau da, beti biluzik ibili beharra. Beste inork ikusten ez zaituenean biluzik ibiltze ondo dago, baina eta besteek ikusten zaituztenean? Jakina zu biluzik zaude eta beste ikusezinek ikusten zaituzte. Tira, bai, zuk ere ikusten dituzu, eta hori ondo dago, baina ez da oso erosoa, zin dagizuet. Ikusgarri zaudenean ere jendea ikusten duzu han eta hemen biluzik. Eta hasieran kosta egiten da. Zer den ederra eta zer deseroso bistara txikitatik erakusten digute telebistan, irratian… gizartean. Eta denetik ikustera behartuta zaude. Ezin duzu begiratzea ekidin. Besteek zu ikustea ekidin ezin duten bezala. Bai, begirada beste inora eraman dezakezu, baina zin dagizuet jende ikusezin ugari dagoela. Edozein tokira begiratzen duzula hantxe baten bat bere… zera hori edo horiek zintzilik. Honek guztiak gorputza zaintzera eramaten zaitu, osasuntsu jan, kirola egin… tira, besteen bistara ikusgarri egoteko? Hori, edo guztia pikutara bidali eta garen bezalakoak garela onartu. Guztiak desberdinak garela formaz eta itxuraz, baina pertsonak; ikusezinak, hori bai. Nik, jakina, kostata bigarren aukera horri heldu nion. Ordutik pertsona ederrak ikusten ditut noranahi begiratzen dudala. Inperfekzioan perfektuak. Horrela ezagutu nuen nire bikotekidea. Bera ere ikusezina da. Eta barkatuko didazue baina zain daukat, hortxe, begira… a ez, egia, biluzik dago ikusezina delako, eta zuek ezin duzue ikusi ikusezinak ez bazarete. Zinera goaz. Sarrerarik erosi gabe. Tamalez aspaldi ez dira zinema aretoak betetzen, beti daude gutxienez bi eserleku libre atze atzeko azken filan.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.