Haurra jaio zenean hura izan zen poza eta alaitasuna, baina ez zuen gehiegi iraun. Haurrarentzat izena aukeratzea buruhauste izugarria bihurtu zen. Guztiek zuten ideia marabillosoren bat, baina inork ez zuen inor konbentzitzen. Halako batean, amak, haurtzaroko hiztegi bat hartu, ausazko orrialde bat ireki, begiak itxita behatza jarri eta huraxe izango zela izena erabaki zuen. “Zuhurtsu”.
Egun bi beranduago beste haur bat jaio zen ondoko kalean. Izen aukeraketa oso korapilatsua izan zen ere. Zozketa bat antolatu zuten. Familiako partaide bakoitzak izen bat idatzi zuen paper baten puntan. Proposamen guztiak kapela handi baten barruan sartu zituzten. Etxeko amonak sartu zuen eskua kapelan eta berak atera zuen haur jaio berriaren izena. “Zabartsu”. Isilunea sortu zen bazter guztietan, baina lehen suziriak tentsio giroa hautsi eta minutu batzuetara inork ez zion garrantzirik ematen zoriak aukeratutako izenari.
Bi haur jaio berrien familiek ez zuten harreman handiegirik. Bi haurrek ez zuten elkarrekin zerikusi gehiegirik, baina gauza jakina da kontrakoek elkar erakartzen dutela, eta halaxe gertatu zen. Zuhurtsu eta Zabartsu lagun min bihurtu ziren, ziotenez bien artean dinamita zaku bat leherraraziz gero ere ez ziren elkarrengandik banandu. Beti zebiltzan bata bestearen ondoan.
Hori bai, bakoitzak zintzo eta leial betetzen zuen bere izenaren xedea. Zabartsu hanka sartzeak eta aldrebeskeriak egiten ikustea ohikoa zen. Era berean Zuhurtsu munduko pertsonarik arduratsuena bilakatu zen.
Herriko edonori galdetuta, denek esango lukete handitan Zuhurtsu pertsona arrakastatsua izango zela. Zabartsuren inguruan berriz, zer esan… bide bazterren batean amaituko zuen, zalantzarik ez.
Ondoko herriko festak iritsi ziren. Bere izenari ohore, Zuhurtsuk freskagarriak edan zituen eta jakina, Zabartsuk garagardoa, ardoa eta sagardoa. Garagardo edo ardo edo sagardo gehiegi edateak kalte egingo ziola esan zion amak, beraz, bakoitzetik neurrian edatea erabaki zuen, denera gehiegi alegia. Eta hainbeste dantza eta festa ondoren, berandutu eta azken autobusak ere ihes egin ziela. Zuhurtsu saiatu arren Zabartsuren erruz, jakina.
Oinez abiatu ziren. Kotxe bat edo beste igaro zen, autostopa ere egin zuten, baina alperrik.
-Ideia mañifiko bat izan dut! –esan zuen Zabartsuk.
Zuhurtsuk bazekien ez zela ideia ona izango, aldrebeskeriak baino ez zitzaizkion Zabartsuri okurritzen.
-Entzun! –esan zuen Zabartsuk –bidearen erdian etzango gara, eta kotxe bat etortzean gu ikusi eta gelditzea baino beste erremediorik ez du izango.
-Zoratu egin al zara?
-Zoratu? Nire bizitzako ideiarik onena da! Zatoz zu ere! –esan zion Zabartsuk errepidearen erdira joanez.
-Zatoz hona! Kotxeren batek harrapatuko zaitu! Burugabekeria bat da!
-Ez ba! Ikusiko duzu! Burugabekeria etxeraino oinez joan nahi izatea da! –oihukatu zuen Zabartsuk errepidearen erdian etzaten zen bitartean.
-Ondo da! Hil egin nahi duzu? Primeran… nik bide bazterretik begiratuko dut ikuskizuna!
Ez zetorren kotxerik. Hainbat minutu igaro zen kotxerik agertu gabe.
-Jaiki zaitez errepide erditik, damutuko zaizu!
Bat batean urrunean kotxe bat gerturatzen zela ikusi zuen. Ziztu bizian.
-Zatoz hona burugabeko!!
-Gelditu egingo da, ikusiko duzu! Etorri zu errepide erdira!
Kotxea bertan zegoen ia, baina errepide erdian gorputz bat zegoela ikusi eta bolante-kolpe batean Zabartsuren gorputza saihestu zuen, baina begiratu nahi ezta zegoen Zuhurtsu eraman zuen aurretik. Kotxeak ihes egin zuen.
Zabartsu ziztu bizian jaiki eta lurrean etzanda zegoen Zuhurtsuren ondoan belaunikatu zen.
-Esan dizut, esan dizut nirekin etortzeko!! –oihukatu zion negarrez –inoiz ez didazu kasurik egiten.
Zabartsuk lurra jo zuen.
Gaur egun elkarrekin jarraitzen dute biek. Zuhurtsu zabarragoa da orain, eta Zabartsu zuhurragoa. Orekan omen dago neurria.
Iruzkina uztea