Continue Reading" />

Zorioneko zu!

Etiketarik gabe Permalink 0

ARIES: Zure diru kontuak antolatu lehen hamabostaldian, bigarrenean hegazkin istripu larri batean hilko zara.

TAURUS: Leihoan nahiago zenuen, baina korridorearen ondoan tokatu zaizu. Oraindik ez da leihoa tokatu zaion zorionekoa, eta etorriko ez balitz argi duzu leihora pasako zarela. Baina zer uste duzu? Pentsatzea ere, begira hortxe dago leihoaren jabea. Beranduago, airean zaudetela, zure fruitu lehor paketetxoa janten ari zarela leiho ondoko fuselajean zulo txiki bat ireki eta xurgatua izango da. Bere ordezko hortzordeak bakarrik geratuko dira.

GEMINI: Zalantza egingo duzu fruitu lehorren eta sagarraren artean. Intxaur bat kontrako eztarritik joan eta itota hilko zara.

CANCER: Berehala lur hartuko duen hegazkin batean egongo zara pilotuak hitza hartuko duenean: “Motor batean indar guztia galdu dugu, baina lasai, hegazkin hau, dituen beste hiruekin hegan egiteko prestatuta dago. Dena den itzulinguru bat egin beharko dugu emergentziazko lurreratze baterako”. Handik ordu laurdenera berriro ere pilotuaren ahotsa: “Bigarren motorra ere galdu dugu, baina lasai, hegazkin hau, dituen beste bi motorrekin hegan egiteko prestatuta dago. Dena den itzulinguru zabalago bat egin beharko dugu emergentziazko lurreratze baterako”. Urduritzen hasiko zara, eta handik hamar minutura dagoeneko oso ezaguna egiten ari zaizun ahots hori berriro. “Bidaiariok, hirugarren motorra ere galdu dugu, baina lasai, hegazkin hau, dituen motor bakar batekin hegan egiteko prestatuta dago. Dena den itzulinguru oraindik ere zabalago bat egin beharko dugu emergentziazko lurreratze baterako.” Ondoan duzun bidaiariak lasaitzeko eskatuko dizu. “Lasai, ez arduratu. Lau motor baino ez ditu, ez gara egun osoa motorrak galtzen egongo!”

LEO: Emergentziazko atearen ondoan dagoen haurrak, jolasean atea ireki eta zurrupatua izango zara. Baserri baten gainera eroriko zara, baina zorionez teilatua aldatzen ari ziren eta baserriko bizilagun bakarraren gainean eroriko zara bizitza salbatuz. Baserritarrak ez ordea.

VIRGO: Bi hegazkinek airean doazela talka egingo dute Maxatxuseteko aireportu gainean. A ze pagotxa! Ez zaude esaten ere hain zaila den Estatu Batuetako hiriburu horretan. Bost axola zuri beraz!!

LIBRA: Hegazkinera igo eta eseri bezain pronto konturatuko zara bidaiari guztiek zu ez ezik dinamitaz betetako txaleko bana dutela jantzita. Horrek sortuko dizun ezin egonaren ondorioz bihotzekoa eman eta bertan seko geratuko zara. Inoiz ez duzu jakingo film bateko estrak zirela zure bidaia-lagun haiek. Dustin Hoffman eta Angelina Jolie dira haietako bi.

SCORPIO: Maxatxusetera zoaz, begiratu VIRGO beraz.

SAGITTARIUS: Hegazkina aireratu eta berehala konturatuko zara bidaiari guztiek zu ez ezik dinamitaz betetako txaleko bana dutela jantzita. Eta horrek sortuko dizun ezin egonaren ondorioz bihotzekoa emango dizunean esnatu eta guztia amesgaiztoa izan dela konturatuko zara. Lasaitasunez irribarre egin eta zure ondoko fuselajea irekitzea dena bat izango da. Kaput.

CAPRICORNUS: Hegazkinera igo aurretik erosi duzun egunkaria irakurri eta Maxatxuseteko aireportu gainean bi hegazkinek airean talka egingo dutela irakurriko duzu, istripua izan zela. Zure ezkerreko eta eskuin aldeko bidaiariek zure egunkariari begira daude. “Istripua… kar, kar, kar…”

AQUARIUS: Hilabete honetan zure amesgaizto guztiak beteko dira hauek hegazkinen inguruan badoaz.

PISCES: Zure baserriko teilatua konpontzen ari zarela atseden hartu eta egongelako eserlekuan eseriko zara internetez eguneko albisteak irakurtzeko. Bat batean Leo bat eroriko zaizu gainera.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.