Nikolas farozain zaharrak, bizitza osoa eman zuen lan horretan. Itsasargian ematen zituen egunak eta egunak. Itsasertzetik kilometro batera edo zegoen irla edo harri koxkor batean zegoen itsasargia zuen munduko tokirik kuttunena. Itsasoa maite zuen, baina emazteak ez. Itsasoak beldurra ematen zion. Inoiz ez zen itsasargiaren harri koxkorrera gerturatzen ausartu. Nahiago zuen itsaslabarreko etxean bizi. Itsasargiari begira.
Baina egun hura izan zen. Ekaitza izan zen. Tximista eta trumoi; olatu eta haize. Enbatak gogor astindu zuen itsasargia. Itsasertzetik kilometro eskasera zegoen, baina geroz eta urrunago sentitzen zuen bere etxea. Sorospen barkuak ere ezin zuen ezer egin, ezin zen itsasargiaren harkaitzera gerturatu.
Eguerdian, hirurak aldera, egunero, Karmelek, emazteak, irratia pizten zuen. Nikolasek bere uhin motzeko irrati transmisorearekin eguneko kronika egiten zion. Gaua nola joan zen, hura eta bestea. Nikolas ez zen bere gidoitik kanpora irteten. Emazteari osasun kontuak galdetzen zizkion, lagunengatik galdetzen dion, familiakoen berri… Karmelek ezin zion erantzun,uhin motzeko irrati transmisore bakarra zuten, garestiak ziren. Horrelakoetan, Karmelek irratiaren bolumena topera igo, sukaldeko leihoa parez pare ireki eta kanpora irteten zen, etxeko atzeko partera. Bertatik itsasargia ikusten zen. Bere bi banderatxoak atera eta elkarrekin adostutako kode sekretu batekin elkar komunikatzen ziren. Irratitik entzun eta Nikolasek hitz egiteari uzten zionean Karmelek banderatxoekin erantzuten zion. Karmelek erantzuten zuen bitartean berriz, Nikolasek largabistekin Karmelek banderatxoekin egiten zituen seinaleak begiratzen zituen. Urteak zeramatzaten horrela. Egunero egunero Nikolas itsasargian bizi zenetik. Egun hartan ere bai.
-Zer moduz zaude? Janaririk geratzen al zaizu? Zer ari zara pentsatzen, Nikolas?
-Zertan ariko naiz ba pentsatzen? Zu baino ez zaitut buruan… etxera noiz bueltatu zain nago, ametsetan… ekaitz madarikatu hau amaituko ote da behingoz…
-Zer egingo zenuke hilko banintz?
-Zu hil? Enbatak ni eramango nau lehenago…
-Ez didazu erantzun… zer egingo zenuke hilko banintz?
-Baina zergatik galdetzen didazu hori? Gaixo al zaude?
-Ez, ez, ez… lasai, ondo nago… galdetzea okurritu zait…
-Ba okurritzea ere…
-Berriro ezkonduko al zinen?
-Ezta pentsatu ere! Berriro ezkondu? Kia, kia, kia…
-Ez al zaizu gustatu nirekin ezkonduta egotea ala?
-Jakina baietz! Oso zoriontsua izan naiz zurekin!
-Izan zara? Dagoeneko ez!
-Bai emakumea… oraindik ere bai!
-Orduan berriro ezkonduko zinateke?
-Zurekin?
-Hilko banintz…
-Baina…
-Erantzun ba?
-Ondo da, bai, ezkonduko nintzateke… Eta zu?
-Seguraski…
-Gure ohean egingo zenuke harekin lo?
-Non bestela?
-Nire arropa erabiliko luke?
-Ez hori ez… zure arropa oso handi dauka… -erantzun zion Karmelek Eusebiok sukaldetik bazkaria prest zegoela deika zuen bitartean.
Nikolasek largabistekin parez pare irekita zegoen sukaldeko leihotik norati ikusi zuen. Orduan piztu zen ekaitza. Hasi besterik ez zen egin. Enbatak gogor astindu zuen Nikolas.
Iruzkina uztea