Continue Reading" />

Kristalezko bola

Etiketarik gabe Permalink 0

Zalaparta izugarria sortu zen herrian “astrologoa” herrira bizitzera etorri zenean. Etorkizuna igartzen zuen “astrologo” horietakoa omen zen. Luki katuak lehen bezeroa izan nahi zuen eta konfiantza osoz gerturatu zen. “Astrologoaren” ondoan zegoen aulkira jauzi eta ahotik txanpon batzuk bota zizkion.

-Jauna… miauuu… nire etorkizunaz hitz egingo al didazu?

“Astrologoak” kristalezko bola zapi batekin garbitu eta eskuak dantzan jarri zituen honen gainean.

-Norbait ezagutuko duzu… -esan zuen ahots sakon eta misteriotsuaz.

Katuari biboteak tente jarri zitzaizkion.

-Esan gehiago, esan gehiago…

Astrologoak azkarrago mugitu zituen eskuak orain, kristalezko bolara gehiago hurbildu zen gertuagotik ikusteko edo.

-Norbait horrek zu ezagutu nahi izango du… zu asko ezagutu nahi izango du…

-Hunkituta nago –adierazi zuen katuak miauka. Txanpon gehiago bota zituen mahai gainera. Ez, nik ez dakit nondik atera zituen. -Gehiago jakin nahi dut! Esadazu non, nor da… kontaidazu pilotatzar horretan ikusten den guztia…

Astrologoa isilik geratu zen.

-Zer? Diru hori ez al da nahikoa?

Astrologoak sakon hartu zuen arnasa.

-Ene katutxoa… etxerako bidean kontuz joan, bidetik urrundu. Furgoneta batek eraman nahi izango zaitu. Unibertsitatera eramango zaitu, disekzio klase batean ezagutuko duzu Maria. Bera da ezagutu nahi zaituen hori. Barru barrutik nolakoa zaren jakin nahi du.

 

 

Herriko medikua urduri zegoen etxeko atarian.

-Luki!! Luki!!

Baina katuaren seinalerik ez. Bere arrain gustukoarekin afaria prestatu zion. Ez zen ohikoa afaltzeko hitzordura kale egitea. Arduratuta, Lukiren bila abiatzea erabaki zuen.

Lehenengo harakinaren etxera gerturatu zen. Beti izan zuen zalantza medikuak herriko harakinak saltzen zuen haragiarekin. Nork jakin! Harakinari bere arazoa kontatu zionean, honek barre egin zion.

-Agian andregai bila irten da! Zure katu hori hain bakarrik dago! Eta zuk berdina egin beharko zenuke! Eta ez esan elkarri konpainia egiten diozuenik! Zu gizona zara eta bera katua!

Agurtu eta alde egin zuen medikuak harakinaren etxetik. Harakina ¡k etxeko atea itxi zuela ikustean bere zakarrontzia arakatu zuen bere katutxoaren arrastoren baten bila. Ez zen harakinarekin asko fidatzen.

Esne saltzailearen etxera hurbildu zen. Hau atarian zegoen zigarro bat erretzen.

-Nire katua ikusi al duzu?

-Zure katu zuria? -galdetu zuen esne saltzaileak aho zabalka. –katu horiek sagu-zaleak izaten dira. Agian zure etxeko sagu guztiekin amaitu eta alde egin du. Nork jakin!

Medikuak bere bilaketarekin jarraitu zuen. Hotz egiten zuen. Hain burumakur eta nahigabetu ikusi nuen, istorioaren asmatzailea nintzenez bere saminetik erreskatatzea erabaki nuela.

Luki bere etxe atzeko eskailera azpian zegoela esan nion. Lo. Leher eginda zegoela eta lokatzez blai. Gutxiagatik furgoneta bati ihes egin ziola.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.