Nahiko mutiko txepela nintzen, umorerik gabekoa. Eta asko ziren izaera haren arrazoiak. Itxurarekin hasiko gara. Ezkerreko belarritik hasi eta eskuineko belarriraino kapa bakarreko alfonbra baten moduan zabaltzen zen ile orraztu eta likatsua. Lotsa ahulgarriak gizartearekiko galaxia bateko distantziara kokatzen ninduen. Edozein mota, kolore eta tamainako pilota bat heldu, hartu, harrapatu, kolpatu, saihestu, jaurti edo eta korrika egiteko ezintasun nabaria. Besteen aurrean espezimen baztergarriaren eredu azpimarragarria nintzen. Eta adinean aurrera egin ahala okerrera zihoan guztia. Nerabetasunera gerturatu ahala zuloa beltzagoa zen, eta heldutasuna nolako izan zitekeen… tira. Adreiluen lodiera zuten betaurrekoak, erupzio izugarri baten atarian zeuden sumendiak ziruditen akne orbanak, eta birjinitatea… baina ez gara lokatz horietan sartuko.
Tira, eta hori guztia gutxi balitz bazegoen beste gauza bat beste haurrekin desberdintzen ninduena, inoiz ez, sekula gezurrik esan ez zidaten gurasoak nituen. Galderak egiteko adina izan nuenetik haiek bihozgabe egia erantzuten zidaten. Nondik datoz haurrak? Nork ekartzen ditu opariak gabonetan? Ez zikoinarik eta ez Olentzerorik ere; harreman sexualak eta neurririk gabeko kontsumismoa. Eta ni jakina misiolari baten moduan nire ezagupenak zabaltzen nituen nire gelakideen artean. Ez da harritzekoa beraz haurtzaroan benetako lagun gutxi izatea, bat bera ere ez alegia. Ez benetakoa eta ez beste batzuk zuten lagun ikusezin horietakoa, gurasoek lehen susmoan egi zaplada batekin ezabatu bai zuten; zain egotea besterik ez nuen, itxarotea, eta horretan nago, zain.
Zorionez dagoeneko ez naiz ohe azpiko munstroen artean eta pazkoko arrautzen artean dabilen belaunaldi bateko parte. Baina oraindik ere nahikoa zalaparta sortzen dut nire inguruan, “jainko”-aren kontua agertzen denean adibidez, tira, sinesmenaren kontu hori. Saiatu, saiatu naiz, baina oso zaila zait. Itxuraz arrazionalak diruditen pertsonek ere, adimentsuek eta karreradunek jainko judu-kristauan sinesten dute, edo jainko islamikoan, edo hinduetan… sinetsi egiten dute, bai. Nik esaten diet… lagun ikusezinean sinesteari uzten diozue eta igual-igual ikusezina den jainko batekin ordezkatzen duzue?
Bai, esan izan didate fede kontua dela. Baina hori horrela izanda, zergatik jartzen dute zalantzan nire fedea? Nire aluminiozko kapelarekin sartzen da jendea. Jendeak ez du nik nire aluminiozko kapelan dudan fedea aintzat hartzen. Estralurtarrek nire buruan sartu eta nire gogoa kontrola ez dezaten erabiltzen dut. Galaxia galduenetik igortzen dituzten uhin elektromagnetikoetatik babesten naute. Baina nire fede hori ez du gizarteak onartzen. Baina urte askotako ikerketa baten ondorioa da. Zergatik uste duzue barraskiloak direla unibertsoko izakirik zaharrenak? Zergatik iraun du hainbeste espezie horrek? Oskolarengatik, kaskoarengatik. Eta hau ez da fedea. Egia baizik. Beraz zuek ere badakizue. Hobe zenukete kasko baten bila hasiko bazinate. Baina zuek ere ez duzue nire teoria hau sinetsiko, ezta? Jakina, horregatik naukate giltzapetuta gela zuri honetan. Arriskutsua naizela diote. Ja! Pentsatzen jarrita… eta hemen sartu nautenak estralurtarrak badira? Aizue!! Atera nazazue hemendik!! Laguntza!! Inor ba al da hor?
Iruzkina uztea