Continue Reading" />

Katu kontuak

Etiketarik gabe Permalink 0

Alaba animali dendara eraman nuen. Edo alabak ni, ez dakit. Katua nahi zuela eta katua nahi zuela. Animalia dendara bidean udaletxe ondoko parkea zeharkatu genuen. Etxetik abiatuta txikitatik jolastera joaten ginen jolas parkearen ondotik zeharkatu eta urmaelaren alboan, hantxe agertu zen, hesiaren atzean, lasai, bere begi biribilekin laztanak eskatuz. Alaba gerturatu egin zen, jakina; nola ukatu hain izaki goxoari eskatzen zuena laztan egitea izanda? Maite-maite egiten zion bitartean katutxo lasaiak urruma egiten zuen. Horrelakoetan gurasook egin ohi dugun moduan telefonoa poltsikotik atera eta argazkia ateratzera nindoanean, bat batean, katuak burua jiratu eta eskuan kosk egin zion. Oso hozkada zatarra izan zen. Koldarra. Odola gogoratzen dut, alabaren malkoak, katuaren begirada maltzurra, hantxe, hesiaren babesean koldarki  alabaren malkoez gozatuz bezala. Katuak ahal izan zuelako egin zion kosk, nahi izan zuelako, ez bere burua mehatxatua ikusi zuelako. Animaliek ere badute letxe txarra. Pertsonek bezala.

Alabaren aurpegia gogoratzen dut erizainak injekzio antirrabikoak sartzen zizkionean. “Oraindik ere katua erosteko asmoarekin ote zebilen?” pentsatzen nuen nik neure baitan. Oraindik ere, disimuluan, eskumuturrean dituen hozkadaren arrastoak ukitzen dizkiot. Begiratuta bakarrik nik ere katuaren hortzak nabari ditut nire azalean, hotzikara, erremina. Alabak ez, alabak katuak maite ditu.

Gaitzondoa, aiherra nagusiok bakarrik dugun sentimendu ezkor hori da, nonbait.

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.