Afaltzen ari ginela Maitanek irribarre egin zuen. Tira, irribarre egitea negar egitea baino hobe zela pentsatu nuen.
-Zergatik irribarre hori? Zerk egiten zaitu hain zoriontsu?
-Gauza askok, gauza atseginek…
-Zein gauza atsegin?
-Nahiago dut ez esatea… eta zu? Zu zergatik zaude hain pozik? Zuri zerk egin zaitu zoriontsu?
-Ni?
Nire zoriontasuna poltsikoan nituen zinemarako sarrerek sortzen zuten. Mariak lana amaitu ondoren disimuluz praka bakeroen atzeko poltsikoan maitekiro sartu zizkidan zinerako bi sarrerek. Baina ez nuen ba hori erantzungo? Irribarre egiteari utzi nion beraz. Bere irribarrea ere ezabatu egin zen.
Afalondoan, Maitane harrikoa egiten hasi zen. Ni lasai esertzeko esan zidan, atseden hartzeko.
-Zertara dator gaur maitagarritasun hau?
-Gaur bakarrik al naiz maitagarri? -etsituta zirudien. –Ez al naiz maitagarria egunero?
Isilunea sortu zen eskutrapuarekin platerak lehortzen nituen bitartean.
-Aldatu ezazu arropa, paseo bat emango dugu!
-Paseo bat? Zergatik?
-Paseo laburra izango da, lasai…
-Zera… lagunekin daukat hitzordua… badakizu tarteka elkartzen garela…
Gezurra esan nion, bai, baina ez nion ba Mariarekin zinerako hitzordua nuela esango. Maria etorri zitzaidan burura. Dagoeneko zinemarako bidean imajinatzen nuen, oinez abenidan .
-Berdin dit, paseo bat ematera lagunduko didazu! –esan zuen mantso baina irmoki.
-Baina… zera… -ordularia begiratu nuen, ordu-erdi barru hasiko zen filma.
Leihotik begiratu eta iluntzen ari zela ikusi nuen, haizea altxa zen, euria hasiko zuenaren seinale.
-Euria hasiko du! Ez duzu ba pentsatuko euria…
-Paseatzera joango gara, euritan bada ere! –argi zegoen ez zegoela ihesbiderik.
Une hartan hasi zuen euria. Labezomorroen tamainako euri-tantak kolpeka hasi ziren sukaldeko leihoaren kontra.
-Erakargarria al naiz?
Bueltatu egin nintzenenean han zegoen nire aurrean soineko eder bat jantzita. Inoiz baino erakargarriagoa ikusi nuen, baina ez nion esan, “bai” soil batekin erantzun nion. Begiak itxi zituen, jarraian aterkia hartu eta kanpora eraman ninduen.
-Zoratuta zaude, ezta? Kalea zapaldu orduko blai egingo gara!
-Bost axola!
Nik hartu nuen aterkia eta euripean oinez hasi ginen. Maitanek besotik heltzen ninduen aurpegia nire sorbaldaren kontra jarriz.
-Aspaldi ez nuen sentimendu hau… -berriro irribarre egin zuen. Segundo batez.
Ehun metro baino ez ginen etxetik aldendu eta blai ginen. Nik etxera bueltatu nahi nuen, baina Maitanek ezetz.
-Aintzirako zume negartiraino joango gara. Han eseriko gara.
Ordularia begiratu nuen. Hamar minutu geratzen ziren.
-Benetan esaten dizut… ez duzu ba nahi izango nire lagunak nirekin haserretzea? Badakizu nolakoak diren… Zuk esaten didazu gainera lagunak zaindu egin behar direla…
-Bai… zaindu maite duzun hori dio Ruperren kantuak ere… Baina zume negartiaren azpiko bankuan eseriko gara, segundo batzuk badira ere.
Aintzirara iristean lehen zume negartiaren azpian esertzera joan nintzen…
-Jarri gaitezen ba hemen…
-Ez, honetan ez.
Aintzira inguruko zume negarti guztien ondotik pasa ginen.
-Baina jakin al daiteke zein zume negartiren azpian eseri nahi duzun? –galdetu nion urduri.
Hura guztia nahita egiten ari zela pentsatu nuen, horregatik haserretu nintzen. Baina bera lasai zegoen.
-“Gure” zume negartiaren azpian eseri nahi dut…
-Zoratuta zaude!
Ezin nuen gehiago. Bakarrik utzi nuen eta zinemara alde egin nuen. Une hartan atertu zuen.
Zinemara iristean Maria ez zen inondik inora agertzen. Maitanerekiko amorrua handituz zioan Maria han ez izateagatik, baina bat batean, ez galdetu zergatik, Maitane etorri zitzaidan burura, aintziran, bakarrik, zume negarti baten azpiko bankuan eserita, ilunpean. Korrika hasi nintzen, zume negartiraen azpiko bankuraino. Eta han zegoen oraindik.
Bere ondoan eseri nintzen, aintzirara begira. Bera ere aintzirara begira zegoen. Biak toki berdinera begira.
-Dibortzioa nahi dut. Eta banatu bezain pronto joan zaitezke Maria ederrarekin bizitzera. Hori bere etxean nahi bazaitu. Gure maitasuna ahaztu duzu, zurekin jarraitu nahi nuen, baina gure artekoa zure barrutik ezabatu duzu. Gaur duela sei urte, zume negarti honen azpian zurekin ezkontzeko eskatu zenidan. Urtero hona etorriko ginela agindu zenuen, “gure” zume negartiaren azpiko bankuan eseriko ginela… baina duela hiru urte ez gerala itzuli. Uste nuen…
Zerbaitek hitzak ito arazi zizkion eta ezin izan zuen hitz egiten jarraitu.
Urruntzen ikusi nuen. Malkoek gainezka egin zidaten. Nire praka bakeroetako atzeko poltsikoko zine sarrerak aintzirara bota nituen. Itsasontzi ttipi baten antzera urrunera urrunduz joan ziren…
Iruzkina uztea