Interneteko iragarkiak begiratzea atsegin zuen. Barre algaraka begiratzen zituen. Haluzinatu egiten zuen internet bidez saltzen ziren bitxikeriekin. Ohera joan aurretik erantzun anonimo bat utzi zuen begiratutako azken iragarkian. Hori egitea ere atsegin zuen.
Handik egun batzuetara garajetik kotxea ateratzerakoan ez aurrera ez atzera uzten ez zion kaxa batekin egin zuen topo. Kaxa erraldoiak ez zuen etiketarik, helbiderik, ez zuen ezer. Bizilagunei galdetu zien baina ezer ere ez. Ez zuten haren berri, inork ez zuen ezer ikusi. Harritzekoa hura ere.
Bere korreoan begiratu eta hantxe bart iragarkiari emandako erantzun anonimoari besten batek emandako erantzuna. Mila esker eskaerarengatik. Bidean da.
Berak ere erantzun, jakina: “Nor zara? Nola dakizu non bizi naizen? Zer demontre dago kaxa erraldoi horren barruan? Berehala kaxa hori nire garajearen aurretik kentzen ez baduzu ertzainei deituko diet.”
Erantzunik ez, jakina; ertzainei deitu zien. Hauek txostena jaso eta beste askorik ez. Udaletxera deitzeko gomendatu zioten, kaxa kale erditik kendu zezaten. Bestela, isuna.
Esandako egin zuen, baina hauen erantzunak ez zuen asebete. Kaxa berea zen, garajearen sarrera bere jabegoa. Ardura berea, beste inorena ez.
Goiz osoa kaxari begira eman ondoren ireki egin beharko zuela erabaki zuen; kolpeka egurrezko kaxa hautsi zuen beheko partetik. Barrutik dinosauro hezurrak ziruditenak espaloian zabaldu ziren. Hezur erraldoiak ziren. Ezin zuen sinistu eta barrez atzeko lorategira eraman zituen bidea ez oztopatzeko. Bizilaguna irten zitzaion laguntza eskaintzera, tira, jakin minak bultzatuta. Bien artean dinosauro batena zirudien hezurdura berreraikitzea erabaki zuten.
-Xabier, ez dut uste hezur hauek guztiak dinosauro bakar batenak direnik! –esan zion bizilagunak. –brontosauroen hankak dirudite, hanka asko gainera!
Izugarri poztu zen. Zer ziren ez zekien, baina haien truke diru asko jasoko zuela bazekien.
Hurrengo egunean dinosauroen inguruko web-orri batean zebilela posta elektroniko bat iritsi zitzaion. “Kaixo, Xabier jauna! Karibeko irla galdu batetik idazten dizugu! Lehen bidalketa iritsiko zela espero dugu. Eskatu zenuen Spinosaurus Aegyptiacus-a bere kabuz agertuko da brontosauroen hanken usaina jarraituta. Ez ahaztu haragia gutxi eginda atsegin dituela, egunean bi behi nahikoa du. Gehiago eskatzen badu ere ez eman, ez zaio komeni. Bestela ez du zainketa berezirik behar. Nahiko independientea da.
Lurrikara moduko bat sentitu zuen. Gero beste bat eta beste bat. Bizilagunen deiadarrak ere entzuten hasi zen. Korrika egongelako leihora gerturatu zen. Haluzinatu egin zuen.
-Lorategi handiagoa beharko dut!
Iruzkina uztea