Albistegien menpeko bizi zen. Sukaldean telebista zuen, egongelan beste bat, lo gelan hirugarren bat, eta hori gutxi bazen, beste gela eta korridore guztietan hari musikala behar zuena irratiko 24 ordutako albistegia zen. Mundua hankaz gora zegoen; gerra han, liskarra hemen… nola bizkarra eman horri guztiari? Ezin zen hain arduragabe izan! Errazena begiak itxi eta ezer ez jakitea, ezta? Ba ez, berak argi zuen, ezer egin ezin bazezaken ere, jakin egin behar zuela. Horregatik lotara zihoanean ere ez zituen amatatzen. Ez zen harritzekoa hain urduri, larri eta grinatsu esnatzea.
Baina gau batean, ekaitzak argindarra moztu zuen auzo osoan. Etxeko telebistak eta hari musikala itzali egin ziren. Esnatzean, sentitu zuen isiltasunak eta lasaitasunak, mundura bakea iritsi zela pentsarazi zion. Bai eta sinistu ere. Ohetik bizi-gogoz jaiki zen. Jauzi batean. Logelako leihoak ireki eta sakon hartu zuen arnasa. Ispiluari begira, irribarretsu egin zuen bizarra. Hura zen hura bere barnean zuen bizi poza. Lanerako bidean autobuseko bidaiari guztiei irribarre egiten zien, baten batek ere irribarrea bueltatu zion. Bulegora igo aurretik, egunak merezi zuelako, bulego ondoko tabernan kafetxo bat hartuko zuela erabaki zuen. Tabernariak kafea ekarri bitartean ordea telebista piztuta zegoela ikusi zuen. Albistegia zela ikusi zuen. Animo eta poz guztia lokatzetara erori zitzaion kolpean.
-Ze gutxi irauten du bakeak munduan!
Eta kafea hartu gabe alde egin zuen tabernaria oihuka garrasi egiten ziola.
-Eta nork ordainduko dit niri kafea!
Iruzkina uztea