Continue Reading" />

Nire ezker eskua

Etiketarik gabe Permalink 0

Sofan eserita nagoela nire ezker eskuari begiratu diot. Zer egin du honek nire, bere bizitza osoan? Hortxe egon da urte guzti hauetan, besoaren amaieran, zintzilik, kulunkan, eskuineko eskuak lan guztia bere gain hartzen duela ikusten. Ez dakit alferkeriagatik den edo agian, hori ere izan daiteke, eskuineko eskuak duen izaera… dominatzaileagatik. Ez dakit. Inoiz ez naiz konturatu beraien artean tirabirarik ba ote den, baina aizue, bizikletatik eroriz gero eskuin eskua izango litzateke muturreko handiagoa jasotzea saihestuko lukeena. Eta orduan komeriak,  igeltsu txuri gogor baten azpian tarte baterako preso. Ezker eskuari egun osoko lana tokatuko litzaioke egun batzuetan,  asteetan.

Lehen lana sinadura bat. Ospitalean, zirujauari ebaketa egiteko baimena. Boligrafoa heltzea nahikoa lan, baina okerrena letrak bata bestearen atzetik marraztu behar izatean  etorriko litzateke. Burugabeko oilo baten oinek nire sinaduraren imitazio hobea egingo lukete. Probatu, probatu.

Konturatu naiz guztiaren erruduna ni izan naizela, ez dela alferkeria kontua izan, nire ezker eskua ez da alperra, arazoa nik sekula ezer eskatu ez izana da. Inoiz ez diot ezer idazten erakutsi, ilea orrazten, poteak irekitzen, ordenagailuaren sagua erabiltzen… bigarren mailako lanak eman dizkiot bakarri. Kazuelako tapa altxa eskuin eskuarekin barrukoa koilararekin nahasteko, liburuak atzealdetik eusteko eskuin eskuarekin orriak laztantzen ditudan bitartean…

Pentsatu al duzue inoiz hortzak garbitzeak norainoko kontzentrazio neurria behar duen? Nik probatu dut. Inoiz izan al duzue hortzetako pasta sudur puntan? Baina erakutsiz gero edonork egin dezake, eta nire ezker eskua ez da salbuespena. Gaur lehen aldiz koilara lehen saiakeran ahoraino ekarri dit. Entrenatzen hasita nago, bizikletatik erortzen banaiz ere. Hasi zuek ere!!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.