Continue Reading" />

Okilak Sabanan

Etiketarik gabe Permalink 0

Jon lagunak baino goizago esnatu eta kanpin-dendatik irten zen. Honen atzealdera gerturatu eta hura zen hura ikustaldia. Zoragarria zen infinituraino zabaltzen zen Sabana. Tontor batera igotzea erabaki zuen, handik ikuspegia zirraragarriagoa behar zuen. Tontorrera iristean okilen kabi batekin egin zuen topo. Txitatxoak, hiru guztira, mokoa zabal-zabal eginda janari eske zeuden txio eta txio. Gose ziruditen, bat bereziki. Nahikoa lan zuen hirugarren hark mokoa zabaldu eta txio egitearekin.

Jonek alde guztietara begiratu zuen, okil txitatxo haien gurasoek nonbait behar zuten ba.  Baina ikusi zuen gauza bakarra, zuhaitzetik zintzilik, platano itxura zuten fruitu batzuk izan ziren. Guraso arduragabe haien utzikerian pentsatuta, okil txitatxoen erreskatean abiatzea erabaki zuen.

Platano itxurako haiek hamarnaka erramu moduko bat osatzen zuten.Txioka zeuden okil txitatxoen kabiaren gain-gainean zegoen erramua.  Zuhaitza igotzen hasi zen, platano itxurako fruitu haietako batekin nahikoa izango zuen.

-Nik aterako zaituztet egoera lazgarri honetatik! Zuen gosearekin amaituko dut!-egiten zuen marmar zuhaitzean gora zihoala. Igo bai, baina bere besoak ez zion ematen platano itxurako fruitu erramua heltzeko, eta gerrikoa kenduta harekin saiatu zen. Jo eta su hasi zen platano itxurako fruitu erramua kolpatzen. Zurtoinean jo eta jo. Txitatxoak txio eta txio. Jo eta jo. Txio eta txio. Azken kolpe indartsu batekin zurtoina askatu eta platano itxurako fruitu erramu osoa okil txitatxoen kabi gainera erori zen txitatxoak zanpatuz.

Salto batean zuhaitzetik jauzi eta platano itxurako fruitu erramua jaso zuen. Ez zegoen zereginik. Lurrean zulo bat egin eta lurperatu egin zituen okil txitatxoak.

Lagunak zain zituen kanpin-dendara itzuli zenean. Gustura gosaldu zituzten platano itxurako fruitu haiek.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.