Baratzeko lurra prestatzen nenbilen udaberriko haziak landatzeko. Tomateak eta piperrak. Aitzurrarekin jo eta su ari nintzen lurrari buelta ematen halako batean gauza gogor baten kontra jo nuenean. Berriro jo eta berriro gogor. Gogorra zegoen eta metal hotsa egiten zuen. Harrituta nengoen, ez baizen lorategiko lurra lantzen nuen lehen aldia. Lurra kenduz aurkitu nuena nahikoa luze eta zabala zen. Indusketa sakon baten ondoren konturatu nintzen zer zen lorategiko lurraren azpian azaldu zena, ate bat zen. Herdoildutako letoizko ate bat. Handia, zabala, bere helduleku eta guzti. Baina nola zen posible? Lehenago esan dudan bezala ez zen lurra lantzen nuen lehen aldia.
Ate sekretua gordetzen zuen lurra erabat garbitu nuenean, heldulekutik tira eta atea ireki nuen aitzurraren laguntzarekin. Erraz ireki zen, aitortuko dut, zailtasun gehiago espero nuen. Zentimetro gutxi batzuk ireki nuenean eskularru zikin batek aitzurra heldu zuen. Nik tira egiten nuen, ez dakit lagundu nahian edo eskularrua askatu nahian. Beste eskularru batek, guztiok ditugu bi esku, atearen markoari heldu zion. Ni konturatzerako ni kanpora bultzatzeko nahikoa indar egin zuten eskuek ni alde batera erori araziz. Izutu egin nintzen, larritu eta harritu, baina ez nuen ihes egin. Misterioa ezagutu nahi nuen. Hori bai, ezin izan nituen ekidin ezertarako lagungarri izan ez ziren hainbat oihu eta garrasi. Hantxe nengoen, gaur arte inoiz agertu ez zen ate sekretu bati begira, barrutik zer irtengo zain. Nire oihu eta garrasiak barrutik zetozen metal hots eta eskularruen jabeak egiten zituen ahalegin hasperenekin nahasten ziren.
-Sorry, barkatu! – esan zuen azentu atzerritarrez eta itxura dotoreko emakume batek bere soinekoko hautsa eta lur arrastoak eskuekin astintzen zituen bitartean – Non nago? Zer da hau? AHT-ko Ezkioko estazioa? Donostiako metrokoa? Bilboko enegarren lineako geltokia? Mende osoa daramat hor azpian batetik bestera zuen lurrazpiko zulo artean galduta!
Iruzkina uztea