“-Zuk uste handitzen naizenean nire gurasoek dituzten gauza guztiak izango ditudala?
-Jakina… beraien gauza guztiak zuretzat! Bueno, eta niretzat, biontzat, bale?
-Ba nik ez ditut nahi!
-Zer?
-Ez ditut beraien haserreak nahi, ez dut estresa nahi, ez dut itomena nahi, ez dut egonezina nahi…
-A, ia… Orain zertan jolastuko gara?”
-Aita… zer zabiltza atzera eta aurrera? Jolasten?
-Bai, nire telefonoarekin ezkutaketan jolasten… ikusi al duzu?
-Ezin dizut esan, esaten badizut tranpa da, eta jolasetan ez da tranparik egin behar… baina (ahopeka) zergatik ez duzu deitzen?
-Eta hori ez al da tranpa?
-Hori telefonoa baino azkarragoa izatea da!
Deitu egin dut.
“…itzalita edo estaldurarik gabe dago…”
-Ba ez aita, bera da zu baino azkarragoa, galdu egin duzu! Jolasa eta telefonoa!
“-Aita, etorkizuna ikusteko tramankuluren bat asmatu nahi dut!
-Zertarako?
-Aita, zertarako izango da ba? Etorkizunean non izango naizen ikusteko, norekin, nola… gauza guztiak!
-Ba imajinatu! Bota irudimena! Itxi begiak eta imajinatu!
-Zuk ere bai? Nire lagun batek ere hori esaten du, imajinatzeko, baina nik ezin dut, ez dakit etorkizuna imajinatzen… begiak itxita esaten duzu? Begiak itxita dena ilun dago…”









