Continue Reading" />

Zure irribarrea ispiluan

Etiketarik gabe Permalink 0

Angela zuen izena. Ile kizkurdun ostruka moduko bat zen, lupa moduko kristalak zituen betaurreko eta guzti, inoiz izan dudan nagusirik krudelena, zalantzarik gabe. Merkatalguneko izozki dendan lanean hasi nintzenetik ni kaleratzeko aitzakia bila ibili zen, ez zidan begirik gainetik kentzen. Eta jakina probokazioak nigan kontrako erreakzioa sortu zuen. Nola bera engainatu, hori zen nire eguneroko helburua. Eta nola ez, halako batean mostradorearen atzean makurtuta harrapatu ninduen kafe eta marrubizko izozki bat jaten. Kalera irten arazi eta aparkalekuan bertan, kotxe artean garrasika hasi zitzaidan bere kaio ahots jasangaitzarekin. Nik entzun egiten nion, epel, ezaxola. Eta horrek gehiago sutzen zuen eta kaio ahotsa zena arrano ahotsa bihurtu zen nik bizkarra eman eta autobus geltokirantz nindoala.

Autobusa hartu eta etxerako bidea hartu nuen. Auzo-zahar inguruan gidariak autobusa gelditu zuen bidaiari mozkor bat autobusetik botatzeko. Geralekua, Gari nire anaiaren etxetik gertu zegoen eta bisitan agertzeko hura baina une aproposagorik ez zegoela erabaki nuen. Garik halako abilezia berezia zuen une txarretan ni animatzeko. Atarira iristean tinbre joka hasi nintzen, baina erantzunik ez. Jakina, niretzat egun aproposa izateak ez zuen zertan izan bere egun librea. Eta etsitzen hasi nintzenean bizilaguna irten zen leihora. Zelatari espezieko horietako bat. Auzoan gertatzen zen guztiaren berri zuen. Eta berri ez bazuen, gertatu ez zenaren seinale. Atea ireki zidan. Bazela aste bete etxeko tinbreak funtzionatzen ez ziola nire anaiari esan zidan atsoak. Harritzekoa, gehitu zuen ironikoki, axolagabe hutsa zela esan zidan.

Atarian sartu eta igogailurik gabeko 4. solairura iristean atea jo nuen. Irribarrez ireki zuen atea. Irribarre ederra zuen. Nik ikusten ninduen bakoitzean mundua ikusten zuen lehen aldia bezala irekitzen zituen begiak, neguko egun hotzetan masailak gorritzen diren moduan gorritzen zitzaizkion hari ere. Tira, edo hori sinistu nahi nuen nik. Anaia ona zen. Bakarra, baina onena.

-Bazkaldu duzu? –galdetu zidan-. Nik oraintxe eskatu behar nuen auzoko Txinatarrera. Zer nahi duzu?

Fargo telesaileko bi atal ikusiz bazkaldu genuen. Ondoren bere gitarra hartu eta jotzen ikasi zuen azken kanta jo zidan. “Asko praktikatu dut” esan zidan, beti esaten zidan gauza bera bere azken hit-a jotzen zidan bakoitzean. Entzun eta begiratu egiten nion. Ederki jotzen zuen, kantatu ere bai, ahots polita zuen. Etxean guztiak izan ginen kantari txukunak, aitak egiten zuen hoberen. Une batez goizeko pasadizoa pasa zitzaidan burutik tximistargia bezala, baina Garik gitarraren sokak astintzen zituen indarrak erreskatatu ninduen. Hipnotikoa zen Gari gitarra jotzen ikustea, goizeko guztia magikoki nire burutik desagertu zen.

Gitarra jotzeari utzi eta Platon eta Espiritismoaren inguruan galdetu zidan. Beti egiten zuen gauza bera, bote-prontoan horrelako galdera filosofikoak botatzen zizkidan, ni lekuz kanpo uzteagatik egiten zuen, baina ohituta nengoen. Ondoren hartu genuen Baileysekin bustitako kafeak ordea bere galdera erantzuten lagundu zidan. Baileysa amaitu zenean etxe azpiko taberna batean amaitu genuen elkarrizketa.

Etxera lagundu zidan, paseoan. Oinetako denda baten erakusleihoak nire begiak bahitu zituen derrepente. Ez zen oso aproposa lana galdu nuen egun berean zapata batzuei begira egotea, baina zer arraio!

-Zer iruditzen zaizkizu? –galdetu nion Gariri.

-Nik ez nuke dirutza hori ordainduko zapata batzuengatik. Baina zu ez zara ni. Nik diru hori Elvisen kantak jotzen ikasteagatik ordaintzen dut.

-Eta ederki gastatutako dirua! Elvisek burua altxako balu harro egongo litzateke!

-Aita ere gustura egongo litzateke! –esan zuen Garik –Aitak oso gogoko zuen Elvis.

Eta kantuan hasi zen.

“Love me tender,
love me sweet,
never let me go.
You have made my life complete,
and I love you so….”

Maita nazazu samurki, maita nazazu gozo, ez nazazu joaten utzi. Nire bizitza bete duzu eta hainbeste maite zaitut…

Irribarrez agurtu ninduen autobusak alde egin zuenean. Kantuan egin zidan agur.

“Love me tender,
love me long,
take me to your heart.
For it’s there that I belong,
and we’ll never part…”

 

Ez gara bananduko, ez… oraindik ere zure irribarrea ikusten dut goizero.

 

 

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.