Continue Reading" />

Arrautza

, , Permalink 0

Ez ba, ezinezkoa zait.

Idaztea. Idaztea ez, idazten hastea. Sukaldeko tiraderan begiratzen dut, arnasari eusten diot, hiru madalena jaten ditut… Eta infusio bat hartzen badut? Ez ditut infusioak gogoko, ura edatea iruditzen zait, saldarekin berdina gertatzen zait. Bai, kafea ere horixe da. Baina kafea..

Arazo serio baten aurrean nago. Irudia, taupadak, begiak itxita… ezer, ez zait ezer okurritzen. Nire bihotza zuri dago. Gaur hitzak bota nahi nituzke, eskuetatik askatu, behatzek dantza egin dezaten erritmo zaratatsuan teklatuaren gainean, klakea dantzatzen ariko balira bezala… baina ezer ere ez. Alperrik da.

Picassok esaten omen zuen inspirazioak lanean harrapatzen zaituela, eta ni hari kasu eginez ordenagailuaren aurrean nago. Tipo langilea naiz eta burugogorra, eta hortxe nago hainbat letra, hitz, esaldi, parrafo idazten. Baina ezer ere ez. Idatzitako parrafoak, esaldiak, hitzak eta letrak ezabatu ditut. Idatzitakoari zentzua aurkitu nahian edo, ezabatu ditudan azken bi esaldiak berreskuratuko ditut. Horiei tiraka agian… keba. Alperrik nabil. Gelditzeko unea. Aparkatzeko ordua. Etxeko lanei ekin diet. Etxekoak esnatzen direnerako gosaria prestatuko dut, bazkaria prest uzten badut ere gaizki ez. Armairuak begiratzen ditut, erosketen zerrenda, atzo azkenean ez genuen zabor organikoa atera. Zaborra sailkatzen dugunetik usain txarrena ez dago edukiontzi horretan… kaka zaharra! Arrautza bat erori zait lurrera! Ordenagailura bueltatzen naiz berreskuratutako bi esaldiak irakurtzera. Ez nuke nahi gaur tontakerien inguruan idaztea. Baina gauza handiegiak ere… heriotza, hezkuntza, oraina, askatasuna, barneko musika arritmikoa, jeinutasuna, negarraren onurak… hasi eta berriro gelditu, jauzi eta irrist egin, tekleatu eta erori. Ezer ere ez, ezinezkoa da. Nondik hasi?

Ez ba, ezinezkoa zait.

Idaztea. Idaztea ez, idazten hastea.

Baliteke arrazoi bat egotea arazo honen atzean. Egia da astero milaka hitz idatzi behar ditudala. 12.000 hitz gutxi gora behera, 70.000 karaktere. Eta hauek bai, soldata baten truke. Egunero ETB3ko 3txulorako. Nik sortutako saiorako… (zintzo nahi ditut zuen etxeko txikiak telebista aurrean goiz, eguerdi eta arratsaldetan). Filme baterako gidoi berri batekin ere banabil, telebistarako egitasmo berri batekin ere bai… Agian horregatik ez zait ezer okurritzen orain? Ba bai, egia da egunero idatzi behar ditudan hitz-joko, txiste, azpijoko eta trama guztiak ez direla ahuntzaren gauerdiko eztula! (esaera honen esan nahiari noizbait heldu beharko diot ere…)

Ezer ere ez. Ez zait ezer okurritzen. Mailuarekin ingudearen kontra bezala hari naiz teklekin kolpeka. Hau niretzat ihesbide baten antzekoa da, ariketa bat, gimnasia. Arimaren desfriladore baten antzekoa. Bat, bi eta hiru, blog! Bat, bi eta hiru, blog! Bat, bi eta hiru, blog! Klak, klak, klak… okilaren moduan… egien, pentsamenduen, okurrentzien metraileta baten modura. Ez dakit irteten zaidanean nondik irteten zaidan, baina irteten zait. Baina gaur ez, orain ez zait ezer irteten.

Lehen lurrera eroritako arrautza jasotzeko daukat oraindik.

Tira, nahikoa da. Leihoko landareak hori esaten ari zaizkidala ematen du. Fregaderako platerak, kafetera, zukugailua, oliba olio botila… guztiak niri begira.

Ba idatzi edozeri buruz, astun-arraioa! Kotxeari gurpila nola aldatu, aldaketa klimatikoari buruz edo arrautza frijituen inguruan! Eta benetan ezer okurritzen ez bazaizu… egin izen handiko idazleen modura. Idatzi edozer, zer axola dio zentzua duen ala ez!.

Baina ni ez naiz beraiek bezalakoa. Niri arrautzak lurrera erortzen zaizkit etxekoei ikastolara joateko jaiki aurretik gosaria prestatu behar diedanean.

Lurrera erori zaidan arrautza jasoko dut.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.