Jakin nahi nuke sukaldari handiek zenbat plater deskubrituko ote zituzten istripuz? Bai, bai, penizilina eta X izpiak bezala. Gutiziarik onenak, ziur.
Gaur bertan, nik, plater berri bat garatu dut. Uretan pasatutako eta oliotan irakindako baserriko arrautza edo iglu krematsua. Ez dakizue zuek ondo zer nolako gutizia. Sukaldaritza liburuek ordea ez dute egia esango; ez dute esango olioa zartaginean irakiten zegoela eta honen gainean arrautza haustean, barrutik arrautza freskoa irten beharrean, zergatia nire hozkailuaren termostatoari galdetu, izotzezko gorringo eta zuringoa erori zela; ez dute esango obalo formako harri-koskor izoztua kanpotik txigortu egin zela, eta barruan gorringoa urtu bai, baina bere krematsu formari eutsi ziola kanporako ihesbiderik gabe. Iglu krematsua. Izugarria. Ikaragarria. Arzak, Subijana, Ormaetxea, Berasategi, Aduriz… adi! Edonork asmatu dezake plater marabillosoren bat, di-da batean, hidrogeno likidorik gabe, laborategirik gabe, kontxintxinako ahate arrautzarik gabe, fundamentuzko eta ondo dabilen hozkailurik gabe, denborarik gabe, goserik gabe… esan bezala, di-da batean, istripuz!
Agian sukaldari handien meritua istripu horiek errepikatzeko duten gaitasuna da! Horrek behar du! Ni ez bai naiz kapaz izan bigarren aldiz istripu berdina izaten!
Iruzkina uztea