Continue Reading" />

Gutuna

, , , , Permalink 1

Karlos maitea,

Seguruenik gutun hau jasotzeak harritu egingo zaitu, ohiko postaren bidez esan nahi dut, izan ere, gaur egun ez da gehiegi erabiltzen , ezta? Azkarragoa litzateke whatsapp bat bidaltzea, dei bat egitea, edo posta elektronikoz egitea. Baina bide hau iruditu zait egokiena, intimoena, izan ere asko ezagutzen zaitut dagoeneko, oso gertukoa zaitut. Baina tira, gehiegi aurreratzen ari naiz, oraintxe konturatu naiz zuk ni ez nauzula ezagutzen.

Nire izena Nerea da. Tira, egia esan ez, ez da hori nire benetako izena, baina aurrerago konturatuko zarenez ez da komeni zuk nire benetako izena ezagutzea. Pasa den astelehenean egin genuen topo trenean. Zu lanerako bidean seguruenik. Lasai, ni zutaz oroitzen naizen moduan, jakin badakit zu ez zarela nitaz oroituko. Zure atzean nindoan. Apropos. Egunkari bat irakurtzen zindoazen. Ez edozein, baina aizu, bakoitzak nahi dituen gezurrak sinisten ditu. Nor naiz ni zuri hori aurpegiratzeko? Baina harira, zera esan nahi nizun, nik dauzkadala zure kartera eta telefono mugikorra. Baten batek lapurtu egin nizkizula esango luke, baina lapurtzea… lapur hitza hain da hitz trauskila, arrunta… niri behintzat ez zait  gustatzen! Zuri?

Diruarengatik eskerrak eman nahi nizkizun soilik. Eskudirua hain da mesedegarria… gosari ederra hartu nuen Donostiara iritsi eta geltokiko tabernan. Ondoren egin beharreko kontu batzuk konpondu eta alde zaharrean bazkari eder bat. Luxua! Lu-xu-a! Baina zerbaitegatik eskerrak eman behar badizkizut, kreditu txartelengatik da. A! Eta izugarri erraztu dizkidazu gauzak kode zenbakia papertxo horretan idatzita utzita, eta jakina, nola ez, detaile bat izan da txartel guztientzat numero berdina erabiltzea, opari zerutiar bat. Kartera “galdu” zenuela konturatu aurretik zure kontuetatik 6000 euro ateratzeko nahiko arin ibili nintzen. Ondo..

Baina  diru hori ez dudala alperrik erabiliko zuk jakitea nahi dut. Seguruenik edaritan eta drogetan gastatuko nituela pentsatuko duzu, baina ez naiz horietakoa. Jakizu haurrentzako zapatetan gastatuko dudala, eta eskolako kuota batzuk eguneratzeko. Lauzpabost hilabete nituen zorretan. Oso eskola ederra da nire seme-alabena, itsasoari begira, metodologia modernoenetako batekin lan egiten dute, azken teknologiak… eta nik beti esaten dut, hezkuntzak ez dauka preziorik, dirua zerbaitetan gastatzekotan, horretan, hezkuntzan, hezkuntza on batean. Beraien etorkizuna oso garrantzitsua da niretzat, itxaropen handiak jarri ditut beraiengan. Argi daukat, horrek urte batzuetan oraindik lana egin beharko dudala esan nahi duela … uniformeak, ordenagailuak, telefono mugikorrak… punta-puntako gailuak ere ezinbestekoak dira, horregatik zure moduko ongileei oso eskertuta nago.

Aizu, eta diruaz ari garenez… zure kontu batean, txartel gorriaren kontuan adibidez, diru sarreratxo bat egiterik bazenu? Zaharrenari udan Estatu Batuetara joateko gogoa piztu zaio, eta aizu, ez da ideia txarra! Ingelesari bultzada bat emateko aukera da. Eta gazteena biolin klase partikularretan hastekoa da eta ez dira muxu-truk. Ona da, ez dakit nondik atera den, amaren ezpalekoa seguruenik. Beste 6000 eurorekin konponduko naizela uste dut, oraingoz. Ezetz esatea aukera bat dela pentsatu dezakezu, baina gogora ekarri nahi nizkizuke zure telefono mugikorrean dituzun argazki interesgarriak.

Badakit lotsagabekeria bat dela, baina zu eta Susi, zure emaztearen arteko emailak irakurtzen aritu naiz. Eta ondoren argazkiak begiratzen hasita konturatu naiz zure emaztearen izena ez dela Susi, Maite dela. Eta ondoren bai, ondoren Susi horren argazkiak ere topatu ditut. Uau! Ederra Susi hori! Eta gaztea… zu baino askoz gazteagoa da, ezta? Barkatuko didazu, ez dut uste sermoiak ematen aritzeko eskubidea dudanik, baina Maite gaixoa, ez du horrelakorik merezi, hain emakume jatorra dirudi… berak ba al du Susiren berri?

Dena den ez nuke arinkerietan erortzerik nahi, ondo pentsatu. Badakizu zer komeni zaizun. Zure berrien zain egongo naiz. Nirekin harremanetan jartzeko badakizu, deitu zure telefono zenbakira, nire eskuetan dagoen horretara. Eta mila esker berriro ere zure etorkizuneko etengabeko finantza-babesarengatik.

Besarkada bat eta eskuminak Maiteri.

Zurea,

Nerea

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.