Mundu honetan jokatzen duzunean irabazi edo galdu egin dezakezu. Jokatzen ez baduzu egon ziur ez duzula irabaziko. Askatasuna dago jokoan. Norgehiagoka baten kronika da hau. Gertatutakoa egia da. Tira, izenak asmatutakoak dira, konpainia ere bai, eta beste txorakeria batzuk ere bai. Beste guztia, egia. Kasik egia.
…
Bidibidi-bidibidi-bidibidi (telefono hots modernoa). Musika. Ongi etorri Starktel-era, zure teléfono konpainiara. Hau nahi baduzu sakatu 1, beste hura nahi baduzu 2, hango huran nahi baduzu sakatu 3…
Aitzirira, pentsatu gabe sakatu dut. Baina sakatutako aukera ez omen da zuzena.
Musika. Trailarailarai.
-Arratsaldeon, bla, bla, bla…. Starktel konpainiara deitu duz, hemen zu laguntzeko gaude, bla eta bla, zerbitzu egokia eta hura eta bestea, zure galdera eta zalantza guztiak “argitzeko” bla, bla eta bla… nire izena Sansa Stark da, zertan lagun zaitzaket?
-Begira, konpainiaz aldatu dut eta orain arte zuekin lotuta nuen telefonoa askatu nahi nuke.
-Bezeroa zara?
-Ez ba, esan dizut konpainiaz aldatu dudala.
-Gure terminal guztiak aske saltzen ditugu.
-Baliteke, orain agian bai, baina eskuetan daukadan hau ez, eta zuekin…
-Horretarako beste zenbaki honetara deitu behar duzu… nik ezin dizut hemendik lagundu, hau bezeroentzako eta bajak kudeatzeko bakarrik da.
-A, ba zoragarri, bai, Sansa Stark esan duzu, ezta? Emaidazu zenbakia Sansa…
-Berehala.
Orain musikarik ez. Ez eta trailarairik ere. Zain. Ez da erantzunik. Deia eten dela dirudi. Eskegi egingo dut? Sansak agur esan ote dit? Itzuliko ote da? Itxaropena amaitu zidanean, hara, Sansa Stark bueltan da.
-Apuntatzeko boligraforik bai?
-Papera ere bai! Bota!
-456.
-456, Mila esker.
-Beste zerbait nahi? Jakizu bezeroentzako eskaintza berezi bat dugula…
-Ez, ez, mila esker, esan dizut ez naizela bezeroa.
-Egia, bai, esan didazu.
-Ondo da.
-Arratsalde ona izan eta bla, bla, bla… zure esanetara, hura eta bestea…
Agurraren erretolika pazientziaz entzun ondoren eskegi egin dut. Deitzera noa, baina kieto… telefono hotsa. Norbait da deika.
– Starktel-era deitu berri duzu. Jasotako zerbitzua 1etik 10era baloratzea eskatzen dizugu…
Eskegi egin dut. Balorazioak amaieran eta nik oraindik ez dut amaitu.
Sansak emandako telefono zenbakira deitu dut. 456ra.
-Starkteleko terminalen askatze zerbitzura deitu duzu, bla, bla, bla… Jon Snow naiz, eta irrikaz eta griñaz artatuko zaitut… bla, bla, bla, ahal dudan gauza guztietan laguntzen saiatuko naiz, bai esan? Zer nahi duzu?
-Telefonoa askatzea.
-Bezeroa zara?
-Lehen bai, baina konpainiaz aldatu dut eta…
-Emaidazu NAN zenbakia…
-Bai, 1234567o-Z.
Itxarote tartea.
-Izen Abizenak.
Zintzo erantzuten diot.
-Tyrion Lannister.
-Posta zenbakia?
Eman egin diot.
-Ikusten dudanez ez daukazu gurekin inolako zerbitzurik kontratatuta.
-Hori lehen ere esan dizut. Lehen zuekin kontratatuta nuen telefono bat askatzeko deitu dizut. Ez naiz bezeroa.
-Tira, kontua da hemen terminalak askatzen ditugula baina bezeroei bakarrik. Bezeroa zara?
-Nola?
-Barkatu, bai, esan didazu, ez zara bezeroa.
-Esan dizut bai.
-Zer?
-Ezetz, ez naizela bezeroa, alde egin dudala, baina ez nahiko urrun itxuran…
-Ondo da, ba berriro deitu behar duzu, baina oraingo honetan beste zenbaki honetara, hau da, 789 zenbakira. Izan ere nik hemendik ezin zaitut lagundu, nahiko nuke, baina ezin dut. Baina ibili aguro zerbitzua zortziretan amaitzen da eta.
-Eta ziur hor telefonoa askatuko didatela?
-Zalantzarik ez. Zerbait gehiago behar duzu?
-Ba ez…
-Ba arratsalde ona izan eta bla, bla, bla… zure esanetara, hura eta bestea…jakizu gure Starkteleko bezeroentzako eskaintza…
Berriro agurraren erretolika zintzo entzun dut.
789 telefono zenbakira deitzen dut.
-Mila esker Starkteleko terminalen askatze zerbitzura deitzeagatik. Nire izena Melisandre da eta bla, bla, bla, bla eta bla. Zertan lagundu zaitzaket?
-Telefonoak askatzen dituzue?
-Bai.
-Nire telefonoa askatu nahi dut.
-Bezeroa zara?
-Ez.
-Telefono hau bezeroentzako da solik. Zoritxarrez, bla, bla, bla eta bla.
-Baina oraintxe esan didate hona deituta telefonoa askatuko didazuela.
-Ez, horretarako 789ra deitu behar duzu.
-Horra deitu dut.
-Eta zer esan dizute?
-Nola zer esan didaten? Zu irten zara. Zuk erantzun didazu.
-Ni.
-Ez al da 789a?
-Bai, 789ra deitu behar duzu.
-Honek Marx anaien filme bat ematen du..
-Nola?
-Ea, lehenengo 456 zenbakira deitu dut eta han 789ra deitzeko esan didate, bertara deitu eta zuk erantzun didazu. Oraintxe. Orain. Zuk.
-Ba ez, hau ez da 789a.
-Ba agur.
-Ba arratsalde ona izan eta bla, bla, bla… zure esanetara, hura eta bestea…jakizu gure Starktel konpainiako bezeroentzako…
-Begira, nahi baduzu agurra bezeroa den batentzat gorde, ni presaz nabil. Agur.
Eskegi eta 789ra deitu dut.
-Bai?
-Kaixo?
-Kaixo.
-Starktel konpainia da?
-Bai.
-Barkatu, nola ez didazu txapa hori bota eta bla, eta bla eta bla… despistatuta utzi nauzu. Begira, zera, nondik hasi…
-Zure terminala askatu nahi duzu.
-Bingo.
-Eta ez zara bezeroa. Bestela, bezeroa bazara…
-Ez, ez, ez, ez… ez naiz bezeroa, inondik inora ere ez… ezta…! Ea laguntzen didazun… Sansa, Jon eta Melisandre ezagutu ditut eta…
-Nire izena Daenerys Targaryen da, deituidazu Kalesi, eta nik askatuko zaitut gustora. Jakizu operazio honek 15 euroko kostua duela.
-Jakina! Askatasuna muxutruk? Ez da posible! Mundu honetan askatasuna lortzea beti izan da garesti. 15 euro? Ez da hainbeste azken finean.
Iruzkina uztea