Continue Reading" />

Altxa besoak!!

, Permalink 0

Arratseko azken orduak. Berandu da, iluntzen hasi da. Bi lagun datoz korrika etxearen aurrean dagoen Volkswagen baten atzealdera. Tiro hotsa. Etxean mugimendua nabaritu eta kotxearen atzera egin dute jauzi. Burua poliki altxatu eta berehala makurtu dira bi morroiak. Tiro hotsak. Arnas estua. Volkswagen Touran bat da, beltza. Ateak irekita ditu. . Zas-zas. Kotxearen argiek bi kanoien modura etxe zaharraren aurrealdea argituko dute. Ate nagusiaren gainean bi leiho daude. Batean pertsiana itxita dago. Bestean irekita, haizeak gortinak mugi arazten ditu. Kotxe atzean daudenak elkarri begiratzen diote. Urduri daude. Nagusiagoa dirudienak eskua altxatu du hiru behatz erakutsiz. Besteak, betaurrekodunak, baietsi egin du. Eta bat batean, nagusienak adierazi bezala etxearen kantoi batetik hiru morroi irtengo dira ziztu bizian; atzeko atetik irtengo ziren nonbait. Tiro hotsa. Lorategia isten duen setoaren atzean ezkutatuz makurtuta doaz korrika. Tiro hotsa. Tiro hotsa alde batetik eta bestetik.

-Geldi, geldi, geldi… makurtu, makurtu, makurtu!!

Geratu egin dira. Seto atzean. Tiro hotsak ere baretu dira, apurka. Seto atzekoak urduri daude. Arnas estuka. Tarteka eztulen batek isiltasuna hausten du. Arnasa ere entzuten da.

Kotxe atzekoek keinuka elkarri seinaleak egiten. Betaurrekodunak begiak isten ditu. Nagusiagoa dirudienak lasaitzeko keinuak egin dizkio. Batek eskubialdetik egingo du erasoa. Besteak atzetik. Ezustean harrapatuko dituzte eta guztia amaituko da. Kito. Etxera. Betaurrrekoduna ados. Lasaiago, edo tira.

Euri mehea hasi du, gehiegi ez, baina bustitzeko nahikoa.

Bat batean berriro nahastea. Bat batean setoan ezkutatuta dauden hirurak hara eta hona ihesian hasiko dira, tiroka. Tiroak alde guztietatik datoz, eztanda bat ere entzun da etxe barruan. Derrepentean berriro isiltasuna. Kolpean. Amaitu da.

Gorpuak daude sakabanatuta. Bidean, lorategian, seto atzean… hiru baino gehiago ziren. Kotxe atzekoak irten egin dira su etena eskatuz.

-Nahikoa da, altxa besoak!!

Hura sarraskia. Guztiak lurrean botata dauden gorpuen ingurura gerturatuz doaz. Besoak altxatuta.

-Suposatzen da hilda behar zenuela!

Mitxel lurretik altxa eta poltsikotik atera duen txikle bat sartuko du ahoan, Lurri beste bat eskaini dio . Mitxelek ezetz dio, tiroak ez omen du jo.

-Ezta pentsatu ere, ez naiz seto atzetik atera!

Bat batean itxita zegoen pertsiana ireki, leihoa zabaldu eta eztanda baten antzeko ahots indartsu bat entzun da.

-Mitxeeeel!! Afaltzeraaaaa!!

Mitxelen aita da. Berandu da.

Hodeik marmarka agurtu du.

-Beti tranpa egiten duzu… eman egin dizut, badakit!

Besteak kalean geratu dira. Beranduago afaltzen dute.

-Orain ezkutaketan?

Ilunegi dago ezkutaketan aritzeko.

-Ni ere etxera noa! Bihar arte! – esan du Anek. -Bihar patinetearekin?

Bakoitza bere etxera abiatu da.

Euria indarrez hasi da orain. Bihar ez dut uste patinetean ibiltzeko girorik izango denik.

Ni? Hostoen artean kamuflatuta inork ez nau aurkitu. Gaur nik irabazi dut!

-Jon!! Etxera!

Hori nire ama da, afaltzera noa! Blai, hori bai! Azkenean euri zaparradak harrapatu nau.

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.