Tarteka baten batek galdetzen dit ea nola okurritzen zaidan egunero idazteko gauza berri bat. Ez dut erantzuten jakiten. Ideiak lanbidearen ajeagatik edo hobeto esanda, gidoigile izateagatik etortzen zaizkit segurona. Gaur adibidez. Kotxe bat ikusi dut kotxe gainean maletero luze zabal bat zeramana eta pentsatu dut: Zer eramango ote du tipo horrek hor barruan? Ezinezkoa da jakitea. Eta pentsatzen jarrita, aizue, gorpu bat eramateko ez al da ezin hobea? Perfektua. Ez dakit, ez dut uste, pelikularen batean inoiz ikusi dudan, edo telesailaren baten, baina aparta litzateke horren inguruko sekuentzia bat.
Kotxe bat ikusiko dugu Euskal Herriko autobideak zeharkatzen dituela. Emakume batek gidatzen du. Atzeko eserlekuetan bi haur zoragarri, bikik dira, txukun-txukun jantzita, ile horiak biak, apain-apain orraztuta biak. Kantuan doaz, berriketan… baina bide luzea egin dute eta autobideko atseden gune batean sartuko da kotxea. Mantso doa, atseden gunean beste inor ez dagoela ziurtatzeko. Ez dago beste inor. Bakarrik daude. Kotxetik jaitsi eta ama gozo eta lirainak kotxe gaineko maleteroa irekiko du. Barruan eskiak, maleta bi, gitarra estutxea eta bat batean beso bat zintzilik. Gizon baten gorpua…
Eta horrela goiz goizetik aizue, sendabiderik izango ote du? Horrelako gauzak pentsatzen ditugu goizaldetik gaualde arte jendea akabatzeaz bizi garenok, ze demontre!
Iruzkina uztea