Continue Reading" />

Apaleko munstroa

, , , Permalink 0

Munstro bat bizi da nire logelan. Urteak dira lasai lo egin ezin dudanetik, nahiz eta amak esan aurreko astean hasi nintzela kexaka. Dena den nik neurriak hartu ditut, lehenengo gauza garajeko lantresnen armairutik linterna hartzea izan da. Andonik munstro beldurgarrienei ere argiak beldurra ematen omen diela esan zidan, eta burkoaren azpian gordetzen dut. Badaezpada. Ama oso kezkatuta dabil kontu horrekin, linternaren desagertzearekin, eta nire anaia nagusiak, Jonek pairatzen ditu haren haserrealdiak. Baina tira, ilargi bete arte itxaron beharko du, ni munstroagatik salbu egon arte.

Ez da oso munstro handia, baina behin entzun nion izeba Karmeni pozoiak eta lurrin gozoenak beti ontzi txikietan zetozela, beraz ezkutatzen zen lekua ikusita munstroen artean munstroena eta ikaragarriena zela argi zegoen.

Ohe gaineko apalean bizi da, gertu. Gertuegi? Askotan pentsatu dut hobe dela horrela, beldur diegun gauzak eta etsaiak hobeto daudela gure gertu, bistara. Horrela, behar izanez gero eta nire gainera jauzi egin baino lehen makilakada ba eman diezaioket. Bai, ohe azpian makil handi bat gordetzen dut. Hori ere badaezpada.

Bart aspaldi igaro dudan gaurik okerrena izan da. Goiz oheratzea erabaki nuen. Nire asmoa ilundu aurretik lo hartzea zen, baina ez nuen zorte handirik izan. Egun osoa telebistari begira eman nuen, eta beraz nahikoa neke pilatu gabe nengoen, ez nengoen nekatuta, are gutxiago ere. Ordularia begiratu nuen azkena gauerdia pasata zegoen, ez zen horrelakorik askotan gertatzen. Gaurik luzeena eta ikaragarriena izan da. Beldurra, ikara, egon ezina… oraindik ez da bere ezkutalekutik inoiz irten, baina badakit hor dagoela eta irtengo da. Nik gutxien espero dudanean, irtengo da.

Amak ekarri zuela esan al dizuet? Badakit amak asko maite nauela, horregatik agian pentsatu zuen lagun bat ekartzen zidala, munstro on bat, baina ez da munstro onik, eta seguru amak ez dakiela hori. Hobe izango zen anaia edo hobe, arreba txiki bat ekarri izan balit. Anaiak ni xaxatzen nauen moduan eta hark irakatsitako guztia arreba txikiarekin praktikatu nezan. Baina ez, ez dago arreba berririk, munstro bat baino ez.

Ez dut ahaztuko niretzako opari bat zekarrela esanez telefonoz deitu zuenean . Arratsalde osoa boteka eman nuen sofa gainean. Saltoka eta saltoka. Gora eta behera ama etxeko atetik sartu zen arte. Sartu zenean nire bihotza borborrean zebilen… baina ez bunbun-bunbun, ez… burrum-burrum nabari nuen, formula bateko bolidoen antzera. Ni seguru nago nire bihotza formula bateko bolido baten motorraren modukoa dela. Baina gatozen oparira. Ama ere oso hunkituta zegoen, atera kontuak zapatak ere ez zituen kendu! Eta hori oso gauza arraroa da gure etxean.

-Oso gauza berezia da! – esan zidan.

Nire ondoan eseri eta paper marroiko poltsa batetik objektu karratu eta kolore askotako bat atera zuen. Leuna zen, iletsua. Sekula horrelakorik ikusi gabe nengoen. Azalean letra batzuk zituen.

“Liburu honen barruan munstro bat bizi da”

Orduan jakin nuen une hartatik aurrera eta betirako kondenatuta nengoela. Ohe gaineko apalean utzi zuen amak, Durangoko azokatik ekarri izan dizkidan beste liburuen artean. Besteak irakurri ditut. Beste honek ordea… hor jarraitzen du, utzitako lekuan. Geldi. Niri so. Mehatxari.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.