Maleta ohe gainean jarri du. Irekita, zabal-zabal eta huts-hutsik. Bera ondoan, ohe bazterrean eserita, armairura begira. Zintzilik soinekoak, apaletan jertseak, beste apal batean frakak… ez daki nondik hasi. Maleta bete eta alde egingo du. Erabakia hartuta dauka. Urrutira joango da. Itsaso aldera. Bai, beti gustatu izan zaio itsasoa. Goizero jaiki eta hondartzan paseatuko da. Bere oinatzak atzean utziz. Izugarri gustatzen zitzaion txikitan itsasoak hondarretan egindako marrazkiak eta gazteluak irensten zituenean. Orain hori behar du, olatu batek orain arteko guztia ezabatu eta irenstea, berriro hutsetik hastea. Zoriontsu izango da. Bai. Seguru. Ez du gehiago aguantatu nahi. Erabakia hartuta dauka.
Maleta ohe gainean jarri du. Irekita, zabal-zabal eta huts-hutsik. Bera ondoan, armairura begira. Zintzilik soinekoak, apaletan jertseak, beste apal batean frakak… Baina gaur ere etxeko ate hotsak bere ametsetik esnatu eta amets gaiztora ekarri du bueltan. Maleta hutsik itxi eta armairuan sartu du. Arnasa hartu, begiak itxi eta malko batek ihes egin dio.
Norbaitek amets gaizto honetatik esnatuko banindu…
Haize kolpe batek gelako atea ireki du. Hotzikara batek gorputz osoa zeharkatu dio. Ez du hotzik, ikaratuta dago.
Iruzkina uztea